04/08 auziaren epaiketa atzeratu egin dute bigarren aldiz
04/08 auziaren epaiketa urtarrilaren 12an bertan behera geratu ostean, gaur hasi behar zuen ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azken orduko erabakien harira, berriz, auzi saioa atzeratu egin zela jakin eragin...
Hasiera batean, urtarrilaren 12an hasi behar zen epaiketa, baina egun hartan egin ziren atxiloketak tarteko, auzipetuek atzeratzea eskatu zuten. Izan ere, atxilotu zituzten hamabi abokatuetatik hiru, epaituen defentsan ari ziren lanean. Hiru abokatuak libre utzi ostean, auzitegiak epaiketa gaurko atzeratzea adostu zuen.
Defentsa egiteari uko
Atzo, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren atalak epaiketa bigarrenez atzeratzea erabaki zuen, Haizea Ziluaga abokatuak arrazoi ezberdinengatik defentsa egiteari uko egin eta gero. Hain zuzen ere, Ziluagak ordezkatzen zituen sei lagunak atzo goizean Auzitegi Naziolanean egon ziren, eta atzerapena eskatu zuten, abokatu berri bat eduki arte.
Sei akusatuen abokatu berriak, behinik behin, denbora beharko du auzia behar bezala prestatzeko, eta eskari hori aintzat hartuta atzeratu zuten gaur hasi zen behar zen epaiketa. «Atxiloketen kontura sortutako nahastearen eraginetako bat da epaiketa berriro atzeratzea. Operazio polizialak nahaste handia sortu eta hankaz gora utzi du dena. Defentsa eraginkor bat egiteko egoera zail baten aurrean gaude», azaldu zuen Mikel Etxaburu auzipetu ondarrutarrak erabakiaren berri jakin eta gero.
Epaiketa noiz hasiko den ez da jakitera eman, baina auzipetuek otsailaren 11 orduko erabaki baten berri jakingo dutela argitu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Agenda guztiak berriro batzea zaila izango dela azpimarratu zuen Etxaburuk. «Nire ustez, epaiketa uda amaierara edo atzeratu egingo da. Ikusi egin beharko da hurrengo asteetan zer erabaki ematen diguten».