Eraldaketa gunea eta enpresa haztegia egingo dituzte Mutrikun
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartu diren 500.461 euroko diru laguntza izango du. Mijoako gune berria 10-15 urtean erabiltzeko aukera izango du udalakMijoa industrialdean egingo den eraldaketa gunea eta enpresa haztegia finantzatzeko hitz...
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartu diren 500.461 euroko diru laguntza izango du. Mijoako gune berria 10-15 urtean erabiltzeko aukera izango du udalak
Mijoa industrialdean egingo den eraldaketa gunea eta enpresa haztegia finantzatzeko hitzarmena sinatu dute Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.Proiektua aurrera ateratzeko, guztira, 500.461 euroko diru laguntza jasoko du udalak, eta, gunea bera Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debemenek kudeatuko dute.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen iritziz, aldundiaren laguntza edukitzea «erabakigarria» da. «Inbertsio garrantzitsua egin nahi da herrian, eta hau oso pozgarria da udalarentzat zein herritarrentzat. Proiektu hau oxigeno bolada handi bat da nire ustez. Honekin guztiarekin Mutrikun etorkizuna egiten ari garela iruditzen zait».
Gune berriaren lanak noiz hasiko diren ezin da zehaztu, oraindik ere proiektua idazten ari dira eta. Hala ere, alkateak azaldu duenez, Mijoako gunea 10-15 urte inguruan erabiltzeko aukera izango du udalak «kostu gehiegirik gabe».
Mijoan erabilgarri egon den espazioa, gainera, Deba Bailarako industrialdeari esker izango dutela jakinarazi du alkateak. «Enpresa haztegi baten inguruan lanean hasi ginenean, espazio baten faltan aurkitu ginen. Mijoako pabiloiak horretarako egokiak ikusi genituen, eta Deba Bailarako industrialdeak gurekiko jarrera ona erakutsi zuen hasiera batetik».
Akuikultura eta esnegintza
Eremu berriari dagokionez, lehen eta hirugarren sektoreak uztartuko dituen tokia izango da Mijoakoa, eta bertan «ekintzailetasuna bultzatu eta enplegua sortuko» direla nabarmendu zuen Pedro Iturbe Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen zuzendariak
Eraldatze gune berria, gainera, publikoa eta herritar guztiei irekita egongo dela gaineratu du Iturbek. «Baldintzak betetzen dituzten guztientzat zabalik egongo da, bai eta bizkaitarrentzat ere».
Lerro beretik, gune berria «lehen sektorearen eta nekaritzaren aldeko urrats handi bat izatea» nahiko lukeetela adierazi du Agurtzane Etxaniz Debemeneko zuzendariak.
Horrekin lotuta, gune berrian itsaskiak eta esnekiak eraldatuko direla argitu du Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak.
Esnearen sektorearentzako berebiziko garrantzia edukiko duela azpimarratu du Etxanizek. «Esneak eraldaketa txikirik ez badu, ezin da zuzenean saldu. Hori dela eta, gune hau azpisektorearentzat oso garrantzitsua izango da». Mijoako guneak, besteak beste, gazta egiteko aukera zabalduko die hainbat baserritarri.
Ekintzaileentzako bultzada
Eraldatze guneaz gain, enpresa haztegia ere bertan kokatuko dela ohartarazi du alkateak. «Proiektu honen beste helburuetako bat ekintzailetasunari bultzada ematea da. Orain arte hainbat programa ipini dira martxan. Azkenaldian 11 enpresa berri jarri dira martxan».
Juan Angel Balbas Debegesako zuzendariak ere ekintzailetasuna sustatu beharra dagoela berretsi du. «Debegesatik eskualde berritzailea eta ekintzailea izateko apustua egiten dugu». Horretarako, 82.000 euro bideratuko dira Debegesaren bitartez.