Laugarren Zubixa Libre! ekimena inauteriekin batera dator. Izan ere, sententziak irten bitartean Mutrikuko Herri Tabernako kideek tabernari “bizitasuna” ematen jarraitzen dute. “Oraingo honetan inauterietako egitaraua antolatzea bururatu zaigu. Orain urte asko, urtero gai baten inguruan antolatzen ziren inauteriak eta ohitura hori berreskuratu nahi izan dugu, lehen horretan aritzen zirenekin batera”, azaldu dute Zubixa Libre! dinamikako kideek.
Hainbat ideiari bueltako ibili eta gero, mutrikuarrek pailazoz janztea erabaki dute. “Hain zuzen ere, Pirritxek eta Porrotxek darabilten mezuarekin bat egiten dute gure filosofiak eta aldarrikapenak. Guk ere koloretako Euskal Herria eta epaiketarik gabeko herri libre bat eraiki nahi dugu”.
Mutrikuarrek otsailaren 14an jai koloretsua eta umorez betea egin nahi dute. Hori dela eta, herritar guztiei pailazo janzteko gonbitea luzatu diete. Porrotxek ere dinamikarekin bat egin du eta denak festan parte hartzera animatu ditu.
Topaketa eta herrian zehar egingo duten kalejira koloretsuarekin hasiko dute eguna, eta ondoren Beheko Plazan flashmob bat egin eta grabatzeko asmoa agertu dute. Pirritxen eta Porrotxen eskuetan egingo dute dantzan, eta ahalik eta jenderik gehien batzea nahi dute ekimenean.
Egingo duten koreografia ikasteko entseguak egitean hasiak dira jada. “Entseguen ordutegiari dagokionez, jendeari adi egoteko eskatu nahi diogu. Sare sozialen bidez ordutegiak zabaltzen joango gara. Hala ere, entseguetan parte hartu ezin izan duenak ere etortzeko aukera izango du. Dantza errez-erreza da, eta aurrean egongo direnei jarraituta zerbait egitea lortuko dugu”.
Flashmob-a grabatu eta gero, herri bazkaria egingo dute Merkatu plazan. Bazkaritara joan nahi dutenek otsailaren 12a aurretik eman beharko dute izena Zubixan.
Otsailaren 17an, bestalde, Mutrikun beste ohitura bat berreskuratuko dute. Herrian garai batean sardinaren hileta egiten zen eta aurten berdelaren enterraixua egitea erabaki dute. “Lehen egiten zenaren antzeko zerbait egingo dugu; parodia, kalejira eta guzti”.
EGITARAUA:Otsailak 14, zapatua
12:30ean: topaketa Zubixan.
Ondoren: kalejira herrian zehar.
14:00etan: Beheko Plazan flashmob-a.
15:00etan: herri bazkaria Merkatu Plazan.
Otsailak 17, martitzena
19:00etan: berdelaren hileta
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.