Txatxarramendiko talaiako lurzorua berritu du aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak Sukarrietako Txatxarramendi uhartearen iparraldean dagoen talaiaren lurzorua berritzeko lanak egin ditu. Joan den neguko denboraleek utzitako kalteak konpontzeko lanak izan direla azaldu du aldundiak.Txatxarramendi uharteko Tala...
Txatxarramendi uharteko Talaiako lurzoruko harlauza gehienak mugituta zeuden joan den negutik. «Hala, lurzoruan zuloak eta maldak zeuden, erabiltzaileentzako oso arriskutsuak zirenak», diote Foru Aldundiko Ingurumen Sailekoek. Egin berri dituzten lanekin «denboraleei aurre egiteko gai izango den lurzoru iraunkorragoa» jarri gura izan dute. Horretarako, lurzoru guztia kendu dute, berdinketa lanak egin dituzte, eta inprimatutako hormigoizko lurzoru berria jarri dute, harlauzen forma mantenduz. Hori guztiori egiteko erabili duten materiala, «guztiz iraunkorra» dela jakinarazi dute. Bestalde, Txatxarramendi uharteko talaia inguratzen duen eserleku perimetrala ere margotu egin dute.
Lanok egiteko bi hilabete behar izan dituzte: «Euriagatik denbora gehiago behar izan da amaitzeko».
Aldundiak 20.122, 60 euroko inbertsioa egin du Txatxarramendi uharteko talaia konpontzeko.