Ura balorean jartzeko sasoia
Azaroan hasi zuen Ur Partzuergoak sentsibilizazio kanpaina eskoletan, eta emaitzak jasotzen ari dira. Martxora bitartean, gizarteko esparru ezberdinetan lanean jarraituko du.Ura ondare naturala da, zaindu beharrekoa, eta Busturialdeko herritarrak horre...
Azaroan hasi zuen Ur Partzuergoak sentsibilizazio kanpaina eskoletan, eta emaitzak jasotzen ari dira. Martxora bitartean, gizarteko esparru ezberdinetan lanean jarraituko du.
Ura ondare naturala da, zaindu beharrekoa, eta Busturialdeko herritarrak horrekin jabetu daitezen, kontzientziazio kanpaina abiarazi nahi du Busturialdeko Ur Partzuergoak. Azaroan eman zuten horren berri, eta eskualdeko talde, elkarte eta eragileekin harremanetan jarri dira. Izan ere, nork bere esparruan zer egin dezakeen zehaztu gura dute, elkarregaz.«Gure asmoa da nork bere arloan, eragin dezakeen esparruan konpromiso batzuk har ditzala», azaldu du Busturialdeko Ur partzuergoko presidente Iratxe Arriolak. Dena den, argitu du, bide hori oraindik lantzeko daukatela, eta kontzientziazio kanpaina hori otsailean zehazten joango direla.
Uraren kontsumoan, erabileran, kutsadura murrizteko praktiketan… Gaur egun dituzten kontsumo ohiturak zelan hobetu ditzaketen eztabaidatuko dute. «Praktika onak bultzatu nahi ditugu. Horretarako eskatuko ditugu konpromisoak».
Eta konpromiso horiek, gainera, epe luzerako izan daitezela eskatuko die Ur Partzuergoak eragile, elkarte, talde eta norbanakoei, «denboran mantendu daitezela», azaldu du presidenteak. Elkarteengana eta eragileengana ez ezik, besteak beste, udalengana, lantegi eta enpresengana, ostalariengana… ere heldu nahi dute.
Eskoletan ere kanpaina
Otsailerako, bestalde, eskualdeko ikastetxeetan azaroan hasitako kanpainaren emaitzak batu gura ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak. Eskola umeei zuzendutako kanpaina berezi bat diseinatu, eta ura ondare modura ikasleengana hurbiltzea izan du helburu. Horretarako, umeek bete beharreko hiru fitxa banatu dituzte ikastetxeetan.
Parte hartzea handia izan dela azpimarratu du partzuergoko presidenteak, eta kanpainaren balorazio positiboa egin du. «8.000 umek parte hartu dute, Haur Hezkuntzatik DBHraino», eta fitxa horiek batu ostean, kanpainaren emaitzak aztertu eta ikastetxe bakoitzak gutun bat idatziko du.
Gutun horiek, gero, martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Egunean Bermeon egingo duten jaialdian ipiniko dituzte ikusgai.
Herritarrengandik hurbil
Egun horretarako, gainera, beste hainbeste ekintza antolatuko ditu partzuergoak, bai eta hurrengo hilabeteetarako ere. Eta horien guztien berri aurrerantzean emango dutela azaldu du Arriolak.
Orain, Lamiarango azpiegiturak erakusteko eta ur araztegian egiten dituzten lanak ikasleengana hurbiltzeko bisita gidatuak ari da eskaintzen ur partzuergoa. «Ikastetxeek erakutsi duten interesa, gainera, handia da».
Adin tarte ezberdineko umeak eta gazteak dira Lamiaran ikustera doazenak, «4 urtetik hasi, eta hortik gorakoak».
Udalek zein herritarrek ere eskura daukate instalazio horiek bisitatzeko aukera. Herritarrengana hurbiltzea da Partzuergoaren asmoa, Arriolak dioenez, «ura denona delako, eta balorean jarri behar delako, gerora ere zaintzeko».