Iaz Olaizolagaz eta aurten Bengoetxea VI.agaz. Zelan bikote lana?
Iaz pilotari handi bat tokatu zitzaidan, eta aurten beste pilotari handi bategaz jokatzeko aukera eman dit enpresak. Jokatzeko beste era bat daukagu, baina oso gustura nabil. Urteetako harremana daukat Bengoetxeagaz, kantxatik kanpo ere ondo eramaten gara, eta hori uste dut igarri egiten dela gero kantxan. Berba egin barik ere askotan ulertzen gara.
Bigarren txapelketa duzu. Esperientzia nabarituko duzu?
Bigarren urtean gutxi gorabehera badakizu zer egin, bai eta eskuak zelan zaindu ere; denak laguntzen du.
Txapelketa ondo hasi zenuten, goiko postuetan ibili zarete, baina azken partida galduta, bosgarren zaudete orain.
Aurten inoiz baino gogorrago dagoela ematen du. Ikusten da lehenengoak, Ezkurdia eta Zabaleta, barruan daudela. Atzetik gabiltza, eta egia da azken partidetan ez dugula zorte handiegirik izan. Baina hor gaude, eta borrokan gabiltzan bitartean, ondo goaz. Gutxiago gelditzen denean beste ikuspuntu bat edukitzen da, baina oraindik aukerekin gabiltza, eta, beraz, dena ematen.
Berasaluze II eta Zubieta, bigarren sailkatuen kontra jokatuko duzue Markina-Xemeinen. Zelan aurreikusten duzu partida?
Gogor datoz, Markina-Xemeingo frontoia Zubietarentzat ona da, eta Berasaluze ere argi ibiliko da.Ondo jokatzen dabiltza, eta aurkari gogorrak izango dira. Gauzak ondo egin beharko ditugu bihar irabazteko.
Urtero piloten kontua egoten da ahotan. Aukeratzen diren pilotak arrazoi bat dira markagailuan eragiteko?
Azken baten rallyetako autoak modura dira pilotak. Norberarentzako egokia den pilota ez edukitzeak eragina izaten du. Bikote bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta eurei egokitutako pilotak aukeratzen dituzte.
Momentu honetan lehenengo Ezkurdia eta Zabaleta doaz, eta Olaizola II eta Beroiz azken. Gazteen urtea da?
Aurreko urtean ere batera ibili ziren Ezkurdia eta Zabaleta. Aurten, baina, beste era batera ari dira jokatzen, eta badirudi funtzionatu egin diela. Oso momentu onean daude joko aldetik. Olaizolak, pilotari guztien modura, gorabeherak ditu, baina Olaizola, Olaizola da, eta txarto zegoela, guri irabazi egin ziguten.
Nortzuk ikusten dituzu finalean?
Hiru lau partida esanguratsu geratzen dira, eta hor edozer gertatu daiteke. Ezkurdia eta Zabaleta ziur ikusten ditut finalean, baina besteen artean lehia egongo da. Oraindik denbora geratzen da aurretik, eta gorabehera handiak egon daitezke. Aukera zabalik dago, ondo eusten dakien bikotea egongo da finalean.
Hiru ordu egon omen zinen zure partidarako txartelak erosteko zain.
Iaz arin saldu ziren sarrera guztiak, eta jendea kanpoan geratu zen, beraz, aurten pertsona bakoitzak hamar sarrera erosi ahal zituen. Gure etxekoak asko dira partida ikusi nahi dutenak. Jendeak ikus dezala hor ez dagoela begikorik, eta, beraz, nik ere nire sarrerak erosteko hiru ordu egin behar izan nituen ilaran.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.