«Aurten, Dakar ia perfektua egin dugula uste dut»
Iazkoagaz alderatuta, 40 postu gorago sailkatu da aurten Txomin Arana (Ereño, 1985) Dakarrean: 16. postuan. Ingurukoen laguntza barik ezinezkoa litzatekeela dio.Zelan baloratuko zenuke aurtengo Dakarra?Pentsatzen nuena baino askoz hobeto atera zait az...
Iazkoagaz alderatuta, 40 postu gorago sailkatu da aurten Txomin Arana (Ereño, 1985) Dakarrean: 16. postuan. Ingurukoen laguntza barik ezinezkoa litzatekeela dio.
Zelan baloratuko zenuke aurtengo Dakarra?Pentsatzen nuena baino askoz hobeto atera zait azkenean lasterketa. Dakar ia perfektua egin dugula uste dut. Ez dugu aparteko arazorik eduki, eta, beraz, positiboki baloratzen dut egindako lana. Joan aurretik ere, sinatuko nukeen aurtengo Dakarrean lortutako emaitza eskuratzea.
Diozunagatik, lana ez da bakarrik zurea izan.
Guztion artean egin dugu lana: Gernika Off Road taldetik hasi eta mekanikari, familia eta lagunengana iritsi arte. Horien guztien laguntza barik ezinezkoa litzateke 16. sailkatzea.
Iazkoagaz alderatuta, sailkapenean 40 postu igotzea lortu duzu aurten. Zerk ahalbidetu du igoera hori?
Nik uste dut garrantzia handia eduki duela lasterketan aparteko arazorik ez izateak. Iaz, esaterako, hainbat arazo eduki nituen: bai mekanikari dagokiozkionak bai eta arlo fisikoari dagozkionak ere. Horrez gain, motoak berak ere nabarmen eragin du; iazkoa baino askoz moto hobeagoagaz lehiatu naiz aurten. Potentzia handiagoa du aurten Dakarrera eramandako motorrak, eta txasis eta esekidura aldetik ere, hobea da. Lasterketan eragin du horrek guztiak.
Bi Dakar lehiatuta, zeinegaz geratuko zinateke?
Nik uste dut bi lasterketek izan dutela bere xarma. Lehenengoan, proba amaitzea lortu nuelako, hainbat arazo eduki arren. Bigarrena, berriz, emaitzei dagokienez, oso ona izan delako. Beraz, lehiatutako bi lasterketak dira bereziak.
Zelakoa da Dakarreko egunerokotasuna?
Goizaldean jaikitzen gara, loturako etapa hasteko. Etapa luzeen kasuan, 03:30ean esnatzen gara, 04:30ean martxan egoteko. Bitartean, gosaldu egiten dugu. Goizean, berriz, etapa berezia hasten da, 07:30-08:00ak aldera. Etapa arratsaldean bukatzen dugu, 16:00ak eta 18:00ak artean, gutxi gorabehera, betiere, etaparen luzeraren arabera.
Jateko eta atsedena hartzeko tarte gutxi izaten duzue, beraz.
Goizaldean jaikitzerakoan jaten dugu, eta, gero, gauean. Pasta jaten dugu otordu bi horietan, eta bitarteko orduetan, barratxoak, gelak…
Paisaiaz gozatzeko astirik ematen al du?
Paisaiaz asko gozatzen dugu. Ikusgarriak dira bertako inguruak; Salta probintzia, esate baterako. Etapa berezia hasterakoan, azeleratu ere ez genuen egiten, paisaiaz gozatzeko. Oso paisaia ikusgarriak dira; koadroak dirudite.
Etapa ugari, eta ordu asko. Pentsatzeko asti handia dago?
Edozertan pentsatzeko denbora egoten da Dakarrean. Loturako etapetan, esaterako, musika entzunaz igarotzen ditugu kilometroak, motorraren hotsaz arrozteko.
Etapa berezietan, dena den, ezberdina izango da.
Etapa berezietan ez dago ezertan pentsatzeko astirik. Moto gainean ordu asko igaro behar izaten baditugu ere, guztiz kontzentratuta joaten ahalegintzen gara, oharkabetuz gero, erorketaren bat izaten baita gehienetan. Etapa horiek bukatzerakoan etortzen zaizkigu emozioak.
Maratoi erako etapa bi eduki dituzue aurten; alegia, helmugara ailegatzerakoan ez duzue mekanikariaren laguntzarik eduki. Zelan moldatu zara horietan?
Niretzat etapa txarrenak izan dira maratoi erako bi horiek. Mekanikari buruz askorik ez dakit, eta, jakin arren, herraminta eta pieza barik ere askorik ezin izaten da egin. Hala ere, arazo handirik ere ez nuen eduki; beraz, alde horretatik, ondo moldatu nintzen. Etapa horiek, gainera, eguraldiari dagokionean ere, zail xamarrak izan ziren.
Moto gidari zein motorzaleentzako berezia da Dakarra. Zerk egiten du hain berezi?
Kamioiak, motoak, quadak eta autoak batzen dituen rally bat da, eta, horrez gain, abentura asko duen lasterketa bat da. Amaitzeko zaila den probat bat da, eta, nik uste dut, gogortasun horrek erakartzen duela hainbeste jende.
170 bat pilotuk hasi duzue aurten Dakarra; lasterketaren gogortasunaren ondorioz, baina, 70 bat izan zarete bukatzea lortu duzuenok.
Arlo fisikoan asko eskatzen duen lasterketa bat da, eta horrek huts egiten badu, buruak ere huts egiten du. Hainbat egun izaten dira, eta egunean-egunean nekeak gainditu egiten ditu parte hartzaileak. Horri, gainera, mekanika arazoak eta erorketak ere gehitu behar izaten zaizkio.
Baldintza gogor horien aurrean, segurtasuna bermatuta al dago?
Segurtasuna badagoela esaten dute, baina beti gertatzen da ezbeharren bat edo beste. Helikopteroz ere zaintzen aritzen dira, eta, ustez, jakiten dute non dabiltzan parte hartzaileak. Hala ere, beti gertatzen da zer edo zer, eta, horregatik, ez zara guztiz fio segurtasun horretaz.
Zein izan da lasterketako momenturik zailena?
Bigarren etapa egin zitzaidan zailena; bero izugarria egiten zuen, eta inoiz amaituko ez zenaren irudipena neukan. Hurrengo etaparen beldur nintzen. Egia esan, lehenengo astea oso zaila izan zen. Bigarrena gogorragoa izango zela esana zidaten, eta lasterketa bukatuko ez nuela pentsatzen hasita nengoen. Ha- la ere, bigarren astea askoz errazagoa egin zitzaidan.
Eta zein izan da aurtengo momenturik onena?
Momentu on asko bizi izan ditut, baina guztietan onena, helmugara iritsitako unea izan zen.
Zer sentitu zenuen orduan?
Ilusio handia sentitu nuen; bertan izan nituen zain lagunak, mekanikaria, taldea…, eta hori izugarria da. Guztiak etorri zitzaizkidan gogora: lagunak, familia, lagundu nauten guztiak…
Horiek guztiek ez zuten hutsik egin ongietorrietan.
Hala da. Lehenengo, Loiuko aireportuan egin zidaten harrera, eta, ondoren, Ereñon. Emozio handia ematen du aireportura ailegatu eta hainbeste jende ikusteak. Izugarria izan da herriko harrera ere, eta poztekoa da.
Urtebeteren faltan, Txomin Arana 2016ko Dakarrean ikusteko aukera izango al dugu?
Nik uste dut bertan izatea errazagoa izango dela, baina, oraindik denbora asko falta da; zer gertatzen den ikusi beharko da.
Eta podiumera noizbait igoko al zara?
Beti egiten da horretarako ahalegina; behintzat, denbora hobetzeko, baina zaila izaten da. Hor egoteko, argi dago lasterketa izugarri ona egin behar dela.