Beharrizana badagoelako
Busturialdean beharrizana duten familia asko daude oraindik. Haiei laguntzeko ahalegin handia egiten dute Bermeoko Kate Sarea elkarteak eta Gernika-Lumoko Caritasek.Politikarien arabera, aurten hoberatz egin dezake egoera ekonomikoak. Mirenlur Santiago...
Busturialdean beharrizana duten familia asko daude oraindik. Haiei laguntzeko ahalegin handia egiten dute Bermeoko Kate Sarea elkarteak eta Gernika-Lumoko Caritasek.
Politikarien arabera, aurten hoberatz egin dezake egoera ekonomikoak. Mirenlur Santiago Bermeoko Kate Sarea elkarteko presidentea, berriz, ez dator bat: «Jendea laguntza barik geldituko da aurten, eta ez dira lanpostu berriak sortzen». Elkartearen ustez, 2015ean egoerak «berdin» jarraituko du, edo zertxobait txarrera ere egin dezakeela deritzo; «guregandik laguntza jasotzen duten horien kopurua berdina izaten jarraituko duela uste dut, edota laguntza jasotzen dutenen kopurua handituko dela». Horregatik, 2015. urtea gogotsu hasi dute, eta beharrizana duten herritar horiekin elkarrizketak egiteari ekin diotela azaldu du Santiagok.Orain arte, 400 lagun baino gehiagori eman diote laguntza. 12 urtetik beherako umeak izan dira horietatik 120. Egoera zelan dagoen ikusita, Kate Sareakoek laguntzen jarraituko dutela diote, eta janaria batzeko kanpainak egiten jarraituko dute. Gainera, biltegiak edozein gauzetarako zabalik dituztela azaldu du Santiagok, «arropak, jostailuak edota etxeko tresnak batzeko, besteren artean». Anasagasti Tar Teodoro kalean daukaten biltegia elikagaietarako erabiltzen dute. Arropak, berriz, Santa Maria elizaren atzeko lokalean gordetzen dituzte. Jakiak hamabostero banatzen dituzte, hilabete bakoitzeko lehen egunean eta 15ean, hain zuzen ere. Arropak, berriz, hilero.
Proiektu ugari
Bestalde, esku artean proiektu berri bat daukatela dio Santiagok: «Eleizalde ikastolako gazteek Kate Sarea ezagutu gura dute. Elkarteak egiten duenaren berri emango diegu, eta gazteek gure biltegiak bisitatuko dituzte; jakin dezaten zer den elikagaiak batzeko biltegi bat eta zelan funtzionatzen duen». Izan ere, Eleizalde ikastolako DBH 4. mailako ikasleen Gazte Ekintzaile Solidarioak (GES) proiektuak Bermeon bertan eragingo du aurten, Kate Sareagaz egingo baitute lan. Ikasleekin aritzeko proiektu hori, bestalde, herriko gainontzeko ikastetxeetara zabaltzeko asmoa daukatela iragarri du Santiagok. Orain arte, beste herrialde batzuetako ikastetxeekin eta elkarteekin batera lan egin izan dute ikasleek GES proiektuaren bitartez.
Emakumea ere protagonista izango da aurten Kate Sarean. Hain zuzen ere, emakumezkoen autoestimua lantzeko tailerrak antolatuko dituztela jakinarazi du elkarteko presidenteak: «Konturatu gara, batez ere, emakumeak direla guregana arazoak kontatzera etortzen direnak, eta autoestimu falta nabaria daukate haiek. Horregatik, lagundu egin gura diegu, eta hori lantzeko tailerrak antolatuko ditugu». Tailer hori ez da egun bakarrekoa izango, eta proiektua ondo landuta daukatenean, erakunde ezberdinengana joko dute, bai eta herriko elkarteengana ere. Tailer «irekia» izango da, gainera, eta nahiz eta emakumeei bideratuta egongo den, gizonezkoek ere parte hartzeko aukera edukiko dute.
Inguruko herrietara ere Kate Sarearen mezua iritsi dela dio Santiagok, horregatik zenbait bilera egitea aurreikusi dute: «Gernika-Lumoko elkarte bategaz batuko gara, bai eta Mundakako Udalagaz ere; katea osatzen joatea da gure helburua».
Etorkizunari baikor begiratzen dio Kate Sareak. «Jendeak dagoeneko badaki nortzuk garen, eta zer den egiten duguna. Hau da, irabazi asmorik gabeko elkartea garela».
Aurreiritzietatik aldendu
Askotan, oraindik ere, «atzeko atetik» lan egiten du Kate Sareak, «jendeak eurengana hurbiltzeko daukan lotsagatik». Bestalde, jendea orokorrean zintzoa bada ere, «lotsa gutxi» daukatenak ere aurkitu dituzte bidean, zenbaitetan gezurretan ibili direnak, alegia. «Hala ere, horrek asko ikasteko balio izan digu, eta denbora guzti honetan aurreiritzietatik aldentzen ikasi dugu».
Elkarteak telefono mugikor bat ez duela eta, Bermeoko Udalari laguntza eskatu diote: «Gure telefono pertsonalak erabiltzen ditugu, eta pobreziak eta etsipenak ordutegirik ez duela gogorarazi gura diegu udaleko arduradunei. Edozein ordutan deitzen digute».
303 lagun Caritasera
Gernika-Lumon, berriz, Caritasera joaten dira laguntza behar duten familiak. Horiek ez dituzte jakiak banatzen, baina beharrizana dutenei arropak banatzeaz arduratzen dira, eta herritarrek eta erakunde publikoek zein pribatuek egiten dituzten diru ekarpenekin, zenbait arlotan lagundu ahal izaten diete familiei.
2014an, 303 lagun egon ziren Gernika-Lumoko Caritasen. Gernika-Lumoko boluntario baten esaneten, orain dela urte batzuk, etorkinak ziren hara hurbiltzen ziren gehienak: «Orduan ez zituzten laguntzak jasotzen. Egun, baina, diru laguntzak jasotzen dituzte, eta guregana hurbiltzen den etorkinen kopurua jaitsi egin da. Bertoko bizilagunen bisitek, ostera, gora egin dute».
Batez ere, emakumeak dira Caritasera joaten direnak: «Gizonak, bakarrik daudenean baino ez dira etortzen. Emakumeak dira familiaz arduratzen direnak, eta eurak dira laguntza eskatzen dutenak».
Gernika-Lumoko Caritasek bi arlo dituela dio hango boluntarioak: bata harrera da, eta bestea, jantzitegia. Harreran bizi duten egoeraren berri ematen dute laguntza eske doazenak, eta dokumentuak aurkeztu behar izaten dituzte. Izan ere, Caritasek eskatzen dituen zenbait arau bete behar dituzte onuradun izan nahi dutenek. «Jantzitegian, berriz, herritarrek ekartzen dizkiguten arropak batzen ditugu; arropa asko ekartzen dute, eta kalitate onekoa».
Caritasera hurbiltzen diren askok laguntzak jasotzen badituzte ere, kasu askotan ez da nahikoa izaten: hala, ezohiko gastuetarako laguntza txiki bat ere ematen diete benetako beharrizana daukatenei: argia ordaintzeko, ikastaro batera joateko, ikasturte hasierarako liburuak erosteko edo sendagaiak erosteko, besteak beste.
Zenbait gastutan beherapenak lortzeko, bestalde, herritarrek egin behar dituzten kudeaketak egiten ere laguntzen dietela aipatu du Caritasek. Gizarte- ratzeko laguntza eskaintzea ere «garrantzitsua» dela uste dute, eta horretan saiatzen dira, zenbait aholku emanez. Gizarteratzean laguntzeko bide horretan, joskintza ikastaro bat antolatu ohi dute: «Jostea ez da helburua, baizik eta jatorri ezberdinetako lagunen arteko elkarbizitza lantzea». Gorabeherak izaten diren arren, iazko ikasturtean, esate baterako, hamalau lagunek parte hartu zuten ikastaroan.
Caritaseko kideak «oso pozik» daude herriko kolaboratzaileekin, «ederto» portatzen baitira. Urtean bi kanpaina egiten dituzte; Gabonetan eta herriko jaietan: «Jendea oso eskuzabala da». Horregatik, Gernika-Lumoko Caritaseko boluntarioek laguntza ematen duten herritarren eta erakundeen lana eskertu dute.
Bisitak martitzenetan eta eguenetan jasotzen dituzte, 10:00etatik 12:00etara. Gainera, Gernika-Lumoko herritarrei arreta emateaz gain, Busturialdeko bizilagunek ere erabili dezakete zerbitzua.