Bihar hasiko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko batel txapelketak
Bihar hasiko da martxan batel liga. Hain zuzen ere, Bizkaiko arraunlariek Sestaon eta Gipuzkoakoek Donostian hasiko dute denboraldia.Goiztiarrenak gipuzkoarrak izango dira. Lehen jardunaldia, berez, urtarrilaren 18an jokatu behar zuten, baina eguraldi ...
Goiztiarrenak gipuzkoarrak izango dira. Lehen jardunaldia, berez, urtarrilaren 18an jokatu behar zuten, baina eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen estropada. Hala ere, asteburuan ere eguraldi txarra espero da, eta Gipuzkoako Arraun Federazioko kideak estropada egin edo ez aztertzen ari dira. «Euri asko egin dezakeela uste dugu, eta Hernani aldetik Urumea ibaia ondo hazita etorri daiteke. Hori dela eta, eguraldiaren iragarpenen zain egon beharko dugu estropada egin edo bertan behera uzteko erabakia hartu aurretik».
Gipuzkoako ligako lehen jardunaldia egiten baldin bada, urtarrilaren 18an egin beharreko estropada bera egingo dute. Bihar 12:30etik aurrera, Gipuzkoako hainbat arraun taldek parte hartuko dute Urumeako uretan, tartean, mutrikuarrek. Mutriku Arraun Taldeko mutilak ariko dira lehian; batel bat gazteen mailan eta beste bat nagusien mailan uretaratuz.
80 batel inguru
Bizkaiko lehen jardunaldiari dagokionez, 15:00etan jarri dute hitzordua. Sestaon egingo diren estropadetan maila guztietako 80 bat batel espero dituzte, eguraldiak laguntzen baldin badu, behintzat; tartean, Ondarroako, Lekeitioko, Mundakako, Elantxobeko eta Bermeoko arraun taldeek parte hartuko dute.
Bizkaiako Arraun Federazioa ere eguraldiaren iragarpenaren zain dago estropada egin edo ez erabakitzeko. «Ez dugu uste arazorik egon denik, baina dena kontuan eduki beharko da».
Mailaren arabera, metro gehiago edo gutxiago egin beharko dituzte arraunlariek. Txikiek 1.000 metro, kadeteek 1.500 metro eta gazte zein nagusiek 2.000 metro inguruko estropadak egin beharko dituzte Benediktako nasan, Bilboko itsasadarrean.