Manifestaziora deitzeko egindako agerraldia. Argazkia: Uriola.eus
Hassana Aalia ekintzaile sahararrari (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1988) bizi osorako kartzela zigorra jarri zion Marokoko auzitegi militar batek, bera Euskal Herrian zela. Babes eskaera egin zuen, baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin dio. Kanporatzeko arriskuan da, eta horrek atxilotzea, tortura eta bizi osorako kartzela ekar dezakeela salatu zuen gazteak berak joan den eguenean.
Elkarretaratzea gaur 20:00etan egingo da Eskolapean, eta
Lekeitioko udalak ere bere atxikipena adierazi dio. Gainera, Lekeitioko Udala osatzen duten talde politiko guztiek dei egin diete herritar guztiei elkarteratze horrekin bat egiteko.
Sahela Elkarteak, mozioa ere aurkeztu du udalean, eta hurrengo Osoko Bilkuran aztertuko dutela jakitera eman du udalak.
Babes handia
Beste alde batetik, hainbat elkarte, sindikatu eta partidu politikok deituta, manifestazioa egingo da bihar Bilbon barne Ministeritzari babes eskaera onartzea eskatzeko. 27 urteko gaztearen babes eskaerak nazioarteko erakundeen bermea zeukan, besteak beste Acnur-ena. Amnistía Internacional eta Human Rights Watch erakundeek gainera, gaztearen epaiketa salatu zuten, “gutxienezko bermeak ere betetzen ez zituelako”.
Bilboko Arriaga plazatik irtengo da martxa, bihar, 17:00etan. Besteak beste, Euskadi-Sahara koordinakundea, EH Bildu, EAJ, LAB, ELA, Steilas, Komite Internazionalistak, Askapena, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, CEAR, Ahaztuak, DISABI Saharako diaspora eta Euskadi-Sahara elkartea daude deitzaileen artean.
Joan den astean Eusko Legebiltzarrak babes eskaera berrikusteko egindako eskaeragaz bat egin dute aste honetan hainbat elkarte, sindikatu eta partidu politikoek, ELA, LAB, EH Bildu eta EAJ besteak beste.