Jon Iriondo Ondarroa Arraun Elkarteko entrenatzailea
Azkar esaten bada ere, bizitza erdi arraun munduari lotuta darama Jon Iriondo Anakabek (Ondarroa, 1976). 1995ean, Ondarroako Arraun taldean hasi zen entrenatzen, eta bere lehen estropadak herriko taldeagaz egin zituen.Hasierako bi denboraldiak Ondarroako elkartean egin zituen, arraun munduaren inguruan ikasten. Bi urte horien ostean, herrian ez zen talde berririk osatzeko aukerarik ikusten, eta orduko Ondarroako entrenatzaile Tito Mancillak taldeko hainbat kide beragaz batera eraman zituen Oriora.
Hasi berria zela,
Orion urte politak egin zituen. 2005era arte egon zen arraun talde gipuzkoarrean, eta besteak beste, Kontxako bandera ere irabaztea lortu zuen talde horiagaz. 2006an
Urdaibain ibili zen; denboraldi bakarra egin zuen Bermeoko taldean. 2007an
Castrok fitxatu zuen, eta han ere urte oparoak egin zituen. 2010era bitartean, Kontxa bat eta liga bat irabazi zituen ondarrutarrak.
2011n,
Portugaletek hainbat fitxaketa egin zituen, Iriondo tartean. Mailarik nagusienera igotzea lortu zuten. Kontxako banderaz gain, lehen postuan sailkatzea ere lortu zuten. Herrira bueltatu aurreko urteak talde bizkaitarrean egin ditu.
Urriaz geroztik, Gotzon Arrasate iazko entrenatzailegaz batera
Ondarroa Arraun Elkarteko nagusien taldea entrenatzen hasi da. Arraunlari ondarrutarra «ilusio handiagaz» bueltatu da herriko taldera.
Entrenatzaile izateko aukera nola sortu zaizu?
Orain urtebete Ondarroako taldeko zuzendaritza nigaz kontaktuan ipini zen. Proiektu berri bat zutela eta nigaz pentsatu zutela esan zidaten. Iaz, Portugaleten nengoen, eta han jarraitzeko beste urtebeteko kontratua neukan. Eta denboraldi amaieran proposamena onartu nuen.
Taldekoekin izan duzun lehen hartu-emana zelakoa izan da?
Talde polita gara, hogei pertsona ingurukoa. Denak gogotsu ikusten ditut. Egia esan, oso gustura nago, giro ona aurkitu dut.
Zelako taldea da?
Orokorrean, talde gaztea dugu. 22-23 urteko arraunlariak dira asko. Tartean tarteko, gainera, beti-betiko beteranoek ere jarraitzen dute. Talde hetereogeneoa dugu. Ondo finkatu eta gogortu egin nahi dugu.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Iazko maila mantendu, eta ahal bada, hobetzea nahiko genuke. Hala ere, igoera garesti dago.
Jon Iriondo Ondarroa Arraun Elkarteko entrenatzailea
Iaz Kontxarako sailkapena lortzea izan zen helburuetako bat. Aurten ere bai?
Aurten ere lehiakor ariko gara, eta aurkariei gauzak gaitz ipintzen ahaleginduko gara. Erraztasun handirik ez da egongo, aurrean egon ahal daitezkeen sei edo zazpi talde egongo dira eta.
Entrenatzeko orduan, laguntzailerik badaukazu?
Iaz entrenatzaile ibili zen Gotzon Arrasate laguntzaile izango dut. Taldea ondo ezagutzen du, eta asko laguntzen dit. Bion artean proiektua aurrera aterako dugula uste dut.
Eta arraunean ere egingo duzu. Zein tokitan?
Normalean erdi parean edo aurrean ibili izan naiz. Entrenamenduetan aurre-aurrean ipintzen naiz atzekoek egiten ari naizena ondo ikusteko. Entrenamenduak kamera bategaz grabatzen ditugu, egindakoa aztertu ahal izateko.
Ondarroan hasi, hainbat taldetan ibili, eta bueltan etorri zarenean nola aurkitu duzu taldea ?
Taldea asko aldatu da, baina beti-betiko giroa igartzen da, herriko giroa mantendu da. Horrelako giroa toki gutxitan ikusi daiteke. Kuadrilla edo familia handi baten modukoa gara. Nire ustez, momentu on zein txarretarako oso garrantzitsua da giro hori.
Hasi zinen klubera bueltatzea zelakoa izan da zuretzat?
Ilusio handiagaz bueltatu naiz. Beti eduki dut etortzeko gogoa. Entrenatzaile eta arraunlari bueltatzeko aukera suertatu zait, eta pozik nator. Nire nahia taldekideei azken urteotan ikasi dudana irakastea da.
Lorpen asko eduki dituzu. Ze tituluk egin dizu ilusio gehien?
Oriogaz irabazi genuen lehen Kontxako banderak ilusio handia egin zidan, sekulakoa izan zen. Hirugarren denboraldia nuen arraunean, ez sinisteko modukoa zen nire moduko 22 urteko gazte batentzat. Beste taldeekin ere inoiz ahaztuko ez ditudan momentu politak izan ditut.
Zelan ikusten duzu arrauna?
Azkenaldian, arraun mundua pixka bat kili-kolo dago. Bultzada bat behar duela uste dut. Ondarroako moduko taldeek beti dute atzetik harrobia, baina beste talde batzuk ez dute atzetik datorren jenderik. Goi mailako taldeetan beti jende bera bueltaka dabil, eta atzetik ez datorrela hainbeste jende gazterik konturatzen zara. Horrekin batera, taldeen bataz besteko adinak ere gora egin du.