Zapatuan, 17:30ean Markina-Xemeingo frontoi nagusian jokatuko den Binakako Esku Pilota txapelketako partidarako materiala aukeratu zuten atzo arratsaldean Bengoetxeak, Aretxabaletak, Berasaluzek eta Zubietak. Pilotekin nahikoa gustura geratu zirela adi...
Zapatuan, 17:30ean Markina-Xemeingo frontoi nagusian jokatuko den Binakako Esku Pilota txapelketako partidarako materiala aukeratu zuten atzo arratsaldean Bengoetxeak, Aretxabaletak, Berasaluzek eta Zubietak. Pilotekin nahikoa gustura geratu zirela adierazi zuen Pablo Berasaluzek amaieran. Aretxabaletaren debutean jokatu zuen Pablo Berasaluzek estreinako Markina-Xemeingo frontoian. Zesta-puntako frontoia izan arren, frontoi polita dela esan zuen, eta, gainera, egongo den giroagaz oso gustura etorriko zela. « Badakigu partida oso gogorra izango dela. Oinatzek eta Andonik bikote handia osatzen dute, eta eurei irabaztea beti izaten da saila; ea guk gurea ondo egiten dugun eta partida irabaztea lortzen dugun» aitatu zuen Berasaluzek. Zubietak eta Berasaluzek baino pilota motelagoak aukeratu zituztela azaldu zuen, bestalde, Andoni Aretxabaletak. «Lau edo bost egon dira bizi samarrak eta eurak aukeratu dituzte, baina pilota onak dira», zehaztu zuen markina-xemeindarrak. Seitik hiru partida irabazi dituzte Bengoetxeak eta Aretxabaletak, eta sailkatzeko zazpi edo zortzi beharko dituztela dio Aretxabaletak. Beraz, Markina-Xemeinen, bere jendearen aurrean partida on bat jokatu nahi zuela adierazi zuen. «Hobeto egin ahal dugula uste dut, eta hor gaude borrokan», azpimarratu zuen.