Giro ona nagusitu da Ondarroako igeriketa sarian
Denetara 150 igerilari espero baziren ere, azkenean 100 pertsonak parte hartu zuten zapatuan Ondarroako Zaldupe igerilekuan jokatu zen Ondarru 24. sarian; tartean, Ondarroako 50 lagunek eta Markina-Xemeingo 40 kidek parte hartu zuten. Izan ere, eguraldi txarrak eragina izan zuen igeriketa txapelketan. Igorretik eta Zallatik etorri beharreko kirolari askorek ezin izan zuten proban parte hartu. “Uholdeak eta bideen zegoen egoera txarra zirela eta, bi herri horietako jende oso gutxi etorri da aurten”, azaldu du Iraide Burgoa Ondarroako Igeri Taldeko arduradunak.
Kirol probari dagokionez, erreleboekin hasi zen txapelketa. Txikienek 8 x 50 metroko erreleboak egin zituzten lehendabizi, eta gerokoan, maila guztietako kideek egin zituzten erreleboak. Erreleboen ostean, estilo danetan 100 metroko eta 50 metroko probak egin zituzten, eta azkenik, 4 x 50 metroko erreleboekin amaitu zuten.
Ondarroako txapelketan, gainera, Zallako igerilari batek marka berri bat ezarri zuen. “Zallako igerilari gazte batek sekulako lasterketa egin zuen bizkar estiloan, 100 metroko proban. Marka horregaz, zuzenean Espainiako txapelketarako lekua lortu du”, gaineratu du Burgoak.
Bestalde, Ondarroako eta Markina-Xemeingo igeri taldeko askorek ere beraien marka pertsonalak hobetzea lortu zuten. Iraide Burgoa probaren antolatzaileak nabarmendu duenez “oso giro ona” egon zen txapelketan. “Egon ziren igerilariak oso gustura egon ziren. Denak pozik ibili zirela uste dut”.
Bizkaiko igeri txapelketa
Otsailaren 7an eta 8an Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da Santurtzin, eta eskualdeko sei igerilarik bertan parte hartuko dute.
Ondarroako taldeko 1998, 2001 eta 2002 urteetan jaiotako lau kirolarik parte hartuko dute Bizkaiko txapelketan. Markina-Xemeindik, ostera, 2002an jaiotako Garazi Lekube eta 2000 urtean jaiotako Aimar Ibarloza joango dira. Lekubek 100 metro bizkar proban parte hartuko du eta Ibarlozak 50 metro krol, 100 metro bizkar eta 100 metro bular probetan parte hartuko du, hurrenez hurren.
Bizkaiko txapelketan emaitza onak lortzen dituztenek, ostera, otsailaren 14an eta 15ean Iruñean jokatuko diren probetan parte hartzeko aukera izango dute.