Zesta-puntan jokatzen ari diren Euskal ligako bi “partida ikusgarri” jokatu ziren zapatuan Mutrikuko Miruaitz frontoian. Hain zuzen ere, iparraldeko goiko mailako profesionalen eta afizionatuen arteko norgehiagokak ikusteko aukera egon zen. Antolatzaileen esanetan nahikoa jende gerturatu zen Mutrikuko frontoira. “Horrelako pilotariak ez dira egunero herrian edukitzen. Zortzi pilotariek ikusgarri jokatu zuten. Guretzat plazer handi bat izan zen”, azaldu du Jon Mendizabal Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideak.
Iparraldeko puntistek jokatu zituzten partida biak oso estuak eta lehiakorrak izan ziren. Denak ere, hainbat berdinketarekin beteak. Miruaitzera gerturatu zirenen arabera, “erakustaldi ederra” eman zuten zortzi pilotariek. “Bi partidak luzeak, oso interesgarriak eta gogorrak izan ziren. Ikusteko zoragarriak eta bikainak”.
Alberro, Toucoullet, Olharan eta Itoiz Miruaitzeko frontoian. Argazkia: Danok Bat
Jokatzen lehenak Biarritz Athletic Clubeko eta Section Paloise-ko bikoteak izan ziren. Lehen seta Biarritz Athletic Clubeko Unai Alberroren eta Nicolas Toucoullet-en aldekoa izan zen; 15-13 irabazi zieten Section Paloise-ko Jean Dominique Olharani eta Sebastian Itoizi. Bigarren seta, aldiz, Section Paloise-ko bikotearen alde izan zen; Jean Dominique Olharanek eta Sebastion Itoizek 15-13 irabazi zioten Unai Alberrori eta Nicolas Toucoullet-eri.
Lehen bi setetan berdinketa egon zenez, bi aurkariek hirugarren set bat jokatu zuten 10 tantora. Bi bikoteek txukun jokatu bazuten ere, Jean Dominique Olharanek eta Sebastian Itoizek irabazi zuen norgehiagoka; 10-5 irabazi zioten Unai Alberrori eta Nicolas Toucoullet-eri.
Curveur, Minvielle, Amati eta Errandonea. Argazkia: Danok Bat
Bigarren partida Kostako eta Biarritz Athletic Clubeko kideen artekoa izan zen. Partida luze eta estua jokatu zuten iparraldeko bi bikoteek. Lehen seta Jon Curveur eta David Minvielle-ren aldekoa izan zen; 15-11 irabazi zioten Jerome Amatiri eta Matthieu Errandoneari. Bigarren setari dagokionez, Jerome Amatik eta Matthieu Errandoneak 15-6 irabazi zuten.
Lehen bi setak berdindu ondoren, hirugarren set “estu bezain interesgarria” jokatu zuten lau zestalariek. Azken tantora arte lehiakortasuna handia izan zen. Partida Amatik eta Errandoneak irabazi zuten, azken seta Curveur-ren eta Minvielle-ren aurka 10-9 irabazi eta gero.