Basauriko kartzelan jasandako jipoiaren harira deklaratu beharko du Iparragirrek hilaren 5ean
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarraren senideek jakitera eman dutenez, etzi Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) epaitegian eginbide bat izango du, 2014ko apirilaren 14an Basauriko kartzelan jasan zuen jipoiaren inguruan deklarazioa hartzeko. Epaia, berez, Bilboko auzitegi batek darama, baina Alcako epaitegira eskakizun bat bidali dute ondarrutarrari deklarazioa han hartzeko.
Hain zuzen ere, Iparragirre erasotu zuen preso sozialak jarritako salaketaren harira egingo da etziko eginbidea. “Maiatzean, gertakariak jazo eta aste batzuetara, Ibonek horzka egin ziola, eta Ibonek GIBa duenez, eskua kutsatu egin zaiola salatu du preso sozialak”, azaldu dute senideek.
Senideek gaineratu dutenez, preso ondarrutarrak hasiera-hasieratik emandako bertsioa mantentzen du. Hau da, kafesnea aurpegira bota ostean, preso batek ukabilkada eman ziola ahoan. “Are gehiago, preso hori hurrengo egunetan harrotuta ibili zen, oraindik Ibonen haginen marka ukabilean zeukala eta”.
Iparragirreren senideek nabarmendu dutenez, frogatu egin beharko da zauria ukabilkada baten ondorioa izan zela eta ez haginkada bat. “Hori berez medikuak egindako lesioen txostenak argitu behar luke, haginkada batek bi aldeetan uzten du arrastoa, eta ukabilkadak, ostera, batean bakarrik”.