Play-off postuetan jarraituko du Gernika Futbol Taldeak
Hirugarren mailan jokatzen duen Gernika Futbol Taldeak play-off postuetan jarraituko du aste bete gehiagoz, asteburuan garaipena lortu ostean. Hain zuzen, gernikarrek 1-0 hartu zuten menpean Santutxu, Ander Carbonellek sartutako golari esker.Garaipen h...
Garaipen hori lortuta, Gernika hirugarren jarri da sailkapen orokorrean, baina Zalla laugarren sailkatuak baino partida bat gehiago jokatu du.
Izan ere, Zallaren eta Bermeoren arteko norgehiagoka bertan behera geratu zen, asteburuko eurite bortitzek eragindako kalteengatik. Hain justu, Kadagua errekak gainezka egin zuen, Zallaren zelaia hondatuz.
Futbol Eskola
Egoera metereologiko horren ondorioz, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 30erako, 31rako eta otsailaren 1erako antolatuta zituen eskola mailako partidak ere bertan behera utzi behar izan dituzte, eta, horregaz batera, domekako Futbol Eskolako entrenamenduak.
Hala, Gernikak, gaur gaurkoz, 42 puntu dauzka. Zallak ere 42 dauzka, baina atzeratutako partida irabaziz gero, hirugarren jarriko litzateke. Beasain bosgarren sailkatuak, bestalde, 40 puntu ditu. Sailkapenaren goikaldera begiratuz gero, Portugalete eta Arenas lehen bi sailkatuak ere ez daude urrun; hain justu, 46na puntu dituzte.
Bermeo, bestalde, hamaikagarren postuan da ligan, 32 puntugaz. Zallaren kontrako atzeratutako partida hori irabaziz gero, hala ere, bermeotarrak zortzigarren jarriko lirateke.
Hurrengo partidak
Datorren asteburuko partidei dagokionez, Gernika Futbol Taldeak kanpoan jokatuko du, eta Bermeok, berriz, etxean. Biek ala biek zapatuan jokatu dute ligako 24. jardunaldia. Bermeok Oiartzun hartuko du Itxas-ganen, 17:00etatik aurrera, eta Gernikak, berriz, Pasaiaren aurka neurtu beharko ditu indarrak Errenterian. 16:30ean hasiko da norgehiagoka.