4.442.000 euro izango ditu Markina-Xemeingo Udalak 2015ean gastatzeko. Joan den egueneko osoko bilkuran onartu zituzten aurrekontuak Bildu eta Aralar alderdien aldeko botoekin.
Aurtengo inbertsiorik handiena udaltzaingoarentzat auto bat eta udal beharginentzat kamioi bat erostea izango dela jakitera eman du udalak. “Ezinbestekoak dira”, azaldu dute.
Bestalde, hondakinen sorrera murriztu, birziklapen ratioak handitu eta materia organikoaren aparteko bilketaren aldeko apostuagaz jarraituko du udalak, eta beraz, auzokonposta gune berriak sortzeko 20.000 euroko diru kopurua onartu dute. “Materia organiko guztia konpost bihurtzea lortu nahi dugu. Konposta gune berriak sortuz, herriko beste auzo batzuk ere proiektu honetara hurreratzea nahi dugu”, azpimarratu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Herriko auzo gehiagotan konposta guneak jartzeagaz gainera, toki batzuetan kontenedore marroia ere jarri beharko dela argitu du alkateak. “Auzo eta kale batzuetan berdegunerik ez dakagulako”.
Baserriak ere, konpostaren proiektura batu nahi dituzte, eta beraz, nahi duenari konpostagailu bat emango diote. Bestalde, banakako zabor ontziak kendu eta birziklatzeko ontzi guztiak izango dituen guneak sortu nahi ditu udalak.
Aurtengo aurrekontuetako diru gehiena, ongizatera, kulturara, kirolera eta euskarara bideratuko da. Berdintasun plana Aurrera eramateko 40.000 euro egongo dira, eta iaz, herriko eskoletan hasi zuten hezkidetza planagaz jarraituko dute. 8.000 euro egongo dira plana bultzatzen jarraitzeko.
Ongizaterako 10.000 euroko poltsa bat mantenduko dutela zehaztu du alkateak.
Biblioteka liburu berriez hornitzeko 12.000 euro egongo dira, eta Uhagoneko kultur programazioa osatzeko 40.000 euro.
Euskarara 71.600 euro zuzenduko dira. Tartean dude, aurten, Korrika eta UEMA barruan egotea besteak beste.
Herriko jaiak antolatzeko, bai Karmenak zein auzoetako jaiak 133.674 euro egongo dira, eta kirol jardueretarako 30.000 euro. Kirolaren atalean, beste 15.000 euroko diru kopurua sartu dute, aurten Emakumeen Birako azken etapa Markina-Xemeinen hasi eta amaituko delako.
Bide gorrian jarritako pedalek izandako arrakasta ikusita, beste gune batzuetan ere jartzea erabaki dute, eta horretarako 5.000 euro edukiko dituzte.
Kirol instalazioen eta Barroeta futbol zelaiaren mantenimenduak, eta frontoiko gastuak eramango dute aurrekontuetako beste kopuru handi bat. 373.000 euroko gastua eragingo dute kirol instatazioek, 51.000 euro frontoiak, eta 51.000 euro futbol zelaiak.
Herriko taldeentako laguntzak
Kultur taldeei laguntzak emateko 33.900 euro edukiko ditu udalak, eta badaezpada ere 10.000 euroko poltsa gordeko dutela jakitera eman dute.
Iruzubietako geltokia izango da inbertsioen ataleko beste gai garrantzitsuetako bat. Autobusaren zain egoteko geltokia jarriko dute Bilbotik Markina-Xemeingo norabidean. “Lur zati bat erosi egin behar izan dugu, eta gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak bidearen eskumena eman behar izan dio herriari”, azaldu du alkateak.
Geltokia jartzeko 52.800 euroko aurrekontua izango du udalak.
Urtero modura, baserri bideak konpontzen ere jarraituko dute. Aurtengo bideetarako 30.000 euro egongo dira.
Egurrezko iragarki taulak jarriko ditu aurten, gainera, udalak, eta paperontziak ere aldatu egingo dituzte birziklatu ahal izateko. Egitasmo horietako bakoitzerako 6.000 euro erabiliko dituzte.
Larruskaingo bizilagunek ere laguntza berezia izango dute interneta jarri ahal izateko.
Zor gutxiago
Zorrak ere ordaindu beharko ditu udalak, eta horretarako 262.745 euro aurreikusi dituzte. Hala ere, superabita izango dutela eta, gehiago ordaindu beharko dutela jakitera eman dute.
Guztira, udalaren gastuak 2015ean 4.341.000 euro izango dira, eta sarrerak, berriz, 4.442.000 euro.
2011n udalean beharrean hasi zirenean 3.000.000 euroko zorra zegoela jakitera eman du alkateak, eta aurten ordainduko dutenagaz milioi bateko zorra geratuko dela aurreratu du.