Azken egunotan hainbat lapurreta egon dira Mutrikun eta Ondarroan
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Ondarroan eta Mutrikun hainbat lapurreta salatu dituzte azkenaldian.
Azkena, atzo [otsailak 3] izan zen. Udal brigadako langileek tresneria gordetzen duten Txurruka Tenienteak kaleko lokalean lapurtu zuten. Ertzantzak adierazi duenaren arabera, 08:15ean eduki zuten gertaeraren berri. “Sarrerako atea indarrez apurtu, eta lapurrek barrura sartzea lortu zuten. Barruan zegoen tresneria asko lapurtu dute”. Udal langileen arabera, zulatzeko makina eta rotaflex bina, hiru motozerra eta sasiak garbitzeko makina bat eraman zituzten. Horrez gain, hainbat linterna eta tresneria ere eraman zituzten.
Era berean, Ondarroan ere hainbat lapurreta egon ziren aurreko astean. “Gure datuen arabera, urtarrilaren 27ko arratsaldea eta urtarrilaren 28ko eguerdi tartean izan ziren gertaerak”, gaineratu dute.
Lapurrak tartean, Ondarroako Historia Zaleak elkartearen lokalean ostu zuten. Artibai eta Ikastola kaleen artean dagoen lokalera ere, “atea bortxaz irekita” sartu zirela jakitera eman du Herrizaingo Sailak. Hain zuzen ere, bulego materiala eta dirua eraman zuten udalaren jabetzako lokaletik. “Ditugun lau ordenagailuetatik berriena eraman zuten lapurrek, besteak han utzi zituzten. Horrez gain, kutxan genituen 40 euro ere lapurtu zituzten. Egia esan, kutxa horretan diru gutxi izaten dugu, fotokopiaren bat edo beste ateratzeko besteko diru apurra. Bestalde, disko gogorrik ez zuten eraman lapurrek. Horrenbestez, orain arte batu dugun informazio eta dokumentazio guztia ez da galdu”, azaldu du Fernando Agirre OHZ kideak.
OHZ kideen arabera, inguruko hainbat denda, saltoki eta bulegoetan ere hainbat lapurreta egon ziren egun horretan bertan.
Herrizaingo Sailak lapurreta guztien inguruko ikerketa martxan jarri du. “Kasu guztiak ikertzen ari gara. Momentuz, ez dago atxiloturik horren guztiaren inguruan”.