Zaldupe futbol zelaia bete egin da Eibarren entrenamendua ikusteko
Asteburuan A Coruñaren aurka jokatzeko prestaketa lanak egin dituzte Ondarroako berdegunean. Azken egunotako euria dela eta, Zaldupen lokatz pixka bat egon da, eta ez da saio erraza izanOndarroako Zaldupe futbol zelaia atzo goizean lehen mailako futbo...
Asteburuan A Coruñaren aurka jokatzeko prestaketa lanak egin dituzte Ondarroako berdegunean. Azken egunotako euria dela eta, Zaldupen lokatz pixka bat egon da, eta ez da saio erraza izan
Ondarroako Zaldupe futbol zelaia atzo goizean lehen mailako futbol jokalariz bete zen. Izan ere, Eibarko lehen mailako taldeak bere entrenamendu saioetako bat Aurreraren futbol zelaian egitea erabaki zuen. Ateak irekita egin zuten A Coruñaren aurkako partida prestatzeko lan saioa.Armaginek, berez, Arrasateko Atxabalpen edo Ipuruaren alboko zelaian egiten dituzte beraien entrenamenduak, baina azken orduko aldaketa batzuk zirela eta, asteburuko partidaren prestaketak Ondarroan egitea erabaki zuten. Aurrera taldearentzat «ohore handi bat» izan zen lehen mailako talde bat herrian entrenatzen izatea. «Eibar taldearen arduradunek herenegun deitu ziguten, ea bertan entrenatu ahal zuten galdetzen. Gure aldetik baiezkoa eman genien, Zaldupeko ateak beti irekita edukiko dituzte», azaldu zuen Eladino Gonzalez presidenteak.
Eibarrek Ondarroan entrenatu behar zuela azkar zabaldu zen herrian, eta futbol zelaia eta inguruak ikuslez bete ziren lan saioa hasi orduko. Zaldupeko harmailak ikastetxeetako ikaslez bete ziren. Guztiek adi-adi ikusi zuten jokalariek nola entrenatzen zuten.
Herritarrez gain, ikusleen artean nahasita, aurpegi ezagunen bat edo beste ere bazegoen. Besteak beste, Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzailea eta Iturrino Realeko futbol jokalari ohia ere Zaldupen zeuden.
Bi ordu inguruko saioa
11:00etan hasi eta bi ordu inguruko lan saioa egin zuten armaginek. Bakarkako prestaketa fisikoa egiten hasi zuten goiza, eta ostean, zelaigunea bitan banatuta, minutu eta erdiko partida arinak jokatu zituzten. Alain Gandiaga Markina-Xemeingo prestatzaile fisikoa ere han egon zen aginduak eman eta entrenamendua gertutik jarraitzen.
Azkenik, Gaizka Garitanok taldea bitan banatu eta partida luzeagoa jokatu zuten, bertaratu zirenen gozamenerako.
Ez zen entrenamendu saio erraza izan. Azken orduetan egin zuen euriak berdegunea urez eta lokatzez bete zuen, eta horrek futbolarien lana erabat zaildu zuen. Xabi Iruretagoiena Berriatuko atezainari, esate baterako, lokatza sartu zitzaion begietan, eta Ostaizka Egia medikuak hartatu behar izan zuen atsedenaldietako batean. Edonola ere, atezain berriatuarrak argi utzi zuen zergatik deitzen dioten «katua»; sekulako jauziak egin zituen atea zaintzeko.
Lan saioa amaitzean, ikusle gehienek argazkiak atera eta sinadurak batu nahi izan zituzten futbolariekin batera.