Eguraldiak uzten badu, zapatuan abiaraziko dituzte batel estropak
Eguraldiaren iragarpenaren zain dira berriz ere Gipuzkoako eta Bizkaiko Arraun Federazioak. Hala, eguraldiak uzten badu, zapatuan abiaraziko dute denboraldi honetako batel liga; Bizkaiko arraunlariak Sestaon, eta Donostian, aldiz, Gipuzkoakoek.
Urtarrilaren 18an jokatu behar zuten gipuzkoarrek ligako lehen jardunaldia. Eguraldi txarragatik, baina, bertan behera geratu zen estropada, eta joan den asteburuan gauza bera gertatu zen. Hala, bihar posible baldin bada, behintzat, Errenterian emango diote hasiera ligari. 16:15ean hasiko lukete bihar jardunaldia, eta Gipuzkoako hainbat arraun taldek parte hartuko lukete; tartean, mutikuarrek. Domekan, berriz, beste estropada bat jokatu beharko dute Trintxerpen, 11:00etan hasita. Mutrikuko Arraun taldeko bi batel ariko dira lehian; gazteen mailako bat eta nagusien mailako beste bat.
Bizkaitarren liga
Bizkaitarrak ere ez ziren gai izan joan den asteburuan ligari hasiera emateko, eta eguraldiak uzten badie, biharko jarri dute hitzordua Sestaon, 15:00etan. Talde guztiak ados badaude, joan den asteko estropada bera egingo lukete zapatuan ere, zozketa berdina errespetatuta.
Maila guztietako 80 batel inguru espero dituzte Sestaoko uretan. Ondarroako, Lekeitioko, Mundakako, Elantxobeko eta Bermeoko arraun taldeetako arraunlariak ere bertan izango dira.