Berdela Ondarroako portuan
Eusko Jaurlaritza kexu da berdela tresna txikiekin arrantzatzeko denboraldiaren hasiera atzeratu delako. Denboraldia, berez, otsailaren 2an hasi behar zen, baina Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak aldebakarreko erabakiz hilaren 17ra arte atzeratu du.
Jaurlaritzaren iritziz, Espainiako Ministerioaren erabakiak euskal flotari “kalte handia” eragiten dio, batez ere Bermeokoari eta Hondarribikoari. “Berdela espezie migratzailea denez, eta euskal uretan denbora tarte mugatu batean dagoenez, atzerapenak kalte larria eragingo liekete arrantza tresna txikiez baliatzen diren arrantzaleei. Are gehiago, jakinik frantziar flota dagoeneko lanean ari dela eta berdela duela zenbait egun gure kostaldearen parean dagoela”.
Arrasteko arrantzaleei dagokionez, joan den urtarrilaren 19tik berdela arrantzatzen hasita daude.
Eusko Jaurlaritzak ulertezintzat jo du Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren erabakia, “ez duelako inolako irizpide objetiborik eta, ondorioz, pentsa daitekeelako euskal erkidegokoa ez den beste erkidego autonomo batzuetako floten arrantza baldintzak lehenesteko interesak daudela”.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak zuzenean helarazi dio bere ondoeza Isabel Garcia Tejerina ministroari, eta debekualdia berehala kentzeko eskatu dio, denboralea igaro eta gero, arrantzaleak lanean hasi ahal izan daitezen.