Abadetxea udaletxe bihurtzeko hirugarren faseari ekin diote
Udaletxea abadetxera lekualdetzea posible egingo duen beste urrats bat ematen ari da Muruetako Udala; hain zuzen ere, proiektuko hirugarren fasea abiarazi du. Oraingo honetan, abadetxearen eraikinean bertan lanean hasi dira.Proiektuak hiru eremu zituel...
Proiektuak hiru eremu zituela gogorarazi du Muruetako alkate Jabier Ondarzak: «Bata, taberna eta erabilera anitzerako gela; bestea, inguruko urbanizazioa; eta hirugarrena, abadetxea bera udaletxe bihurtzekoa, eta horretan ari gara oraingoan».
Udaletxe berria izango denaren zarpiatze lanak egiten ari dira, ateak eta leihoak konponduko dituzte, eraikinaren lehenengoko solairuan lauzak jarriko dituzte eta abadetxearen kanpoaldea margotu eta inguruko espaloia atonduko dutela zehaztu du Muruetako alkateak.
Lanok agintaldia amaitu aurrerako prest eduki gura dituztela esan du Ondarzak, hau da, apirilerako. Hirugarren faseko beharrak egiteko 80.000 euroko aurrekontua dauka Muruetako Udalak: «Iazko eta aurtengo aurrekontuetako diruagaz egingo dira lanok».
Azken fase baten faltan
Lan horiek, baina, ez dira azkenak izango, oraindik ezingo baitute udaletxea lekualdatu. «Arotzeria lanak egitea, eraikinaren barruko aldea margotzea eta altzairuak jartzea izango litzateke azkena. Horiek hurrengo fase batean egin beharko dira, diruaren arabera», esan du Ondarzak.
Ziurtasunez baieztatu ezin badu ere, bi urtera proiektu guztia amaituta izatea aurreikusten dutela dio: «Dena prest dagoenean, lekualdatuko ginateke».
Udaletxea Eleizaldeko abadetxera lekualdatzearen, eta orokorrean, proiektuaren helburua, herriari nortasuna ematea dela azaldu du Muruetako alkateak: «Inguru hau zerbitzu eta azpiegitura guztiekin hornituta eduki gura dugu herritarrentzat. Horregatik, derrigorrezkoa ikusten genuen proiektuaren baitan taberna eta haren inguruak zerbitzu modura jartzea. Bestalde, udalaren kudeaketa Eleizaldera lekualdatzea ere helburu horren amaiera litzateke».
Azken urteetan hainbat izan dira Muruetako Udalak Eleizalde inguruan egin dituen hobekuntzak: «Aparkalekuak, frontoia berriztu, plaza handitu, eskola zaharra atondu, umeen- tzako jolas parkea, atseden lekua… egin ditugu, besteren artean, Eleizalde ingurua muruetarren gune erreferente bihurtu asmoz, zerbitzu eta azpiegitura guztiekin».