Bird Center-ek ere Mundu Mailako Hezeguneen Eguna izango du gogoan
Otsailaren 2a izan zen hezeguneen eguna, baina domekarako antolatu dituzte jarduerak. Besteak beste, doako autobisita gidatuak antolatu dituzte. Hegazti asko ikusi ahalko diraJoan den asteburuan Busturiko Madariaga Dorretxeak egin bezala, Urdaibai Bird...
Otsailaren 2a izan zen hezeguneen eguna, baina domekarako antolatu dituzte jarduerak. Besteak beste, doako autobisita gidatuak antolatu dituzte. Hegazti asko ikusi ahalko dira
Joan den asteburuan Busturiko Madariaga Dorretxeak egin bezala, Urdaibai Bird Center-ek ere Mundu Mailako Hezeguneen egunagaz bat egingo du. Hain zuzen, domekarako antolatu dituzte jarduerak hegaztien interpretazio zentroko beharginek.Jakinarazi dutenez, domekan zentrora gerturatzen diren bisitariek doako bisita autogidatuak egin ahal izango dituzte. Bisitariak eraikineko begiratokira heltzerakoan, gainera, Bird Center-eko beharginen laguntza izango dute, hegaztiak identifikatzeko eta hezeguneen kudeaketari buruko azalpenak emateko. Bestalde, 10:00etatik 14:00etara, txorien eraztunketa nola egiten den ezagutu ahal izango da.
Interpretazio zentroak nabarmendu duenez, bisitariek hegazti mota desberdin asko ikusteko aukera izango dute. Izan ere, mundu mailako egunaren harira antolatutako egunak Europako hegaztien neguko migrazioaren puntu gorenagaz bat egiten du.
Hori dela eta, Gautegiz Arteagako padura ehunka hegazti motaren geralekua da. Egunotako hotz boladak, gainera, txori gehiago ikusteko aukera emango du. Urdaibai Bird Center-eko beharginen berbetan, hotz boladak daudenean, hegaztientzako babeslekua da Busturialdeko padura.
Bisitariek garrantzia handiko zenbait espezie ezagutzeko aukera izango dute, hortaz. Besteak beste, mokozabalak, kuliskak, hegaberak, lertxun hauskarak, martin arrantzaleak, uroiloak, txilinportak, txori zezenak eta lertxuntxo handiak behatzeko aukera edukiko dute interpretazio zentrora gerturatzen direnek.
Mundu Mailako Hezeguneen Egunagaz bat eginez, Gautegiz Arteagako Bird Center-ek paduren ezaugarriak ezagutarazi nahi ditu. Ingurumenean daukaten garrantzia nabarmendu nahi ditu, gizakiaren etorkizuna hezeguneekin lotuta dagoela iritzita.
Jakinarazi dutenez, hezeguneek hainbat onura dituzte: «Ur edangarriaz hornitzen dituzte gizakiak, ura arazten dute, uholdeengandik eta sikateengandik babesten gaituzte, aldaketa klimatikoaren kontra egiten dute, eta munduan zehar milioka pertsonarentzako elikagaiak ekoizten dira leku horietan, tartean arroza eta arraina.
Madariaga Dorretxean
Busturiko Madariaga Dorretxeak joan den asteburuan izan zuen gogoan hezeguneen eguna. Hain zuzen, zenbait tailer eta irteera antolatu zituzten hezeguneek daukaten garrantzia ezagutarazteko.
Jarduera horietako zenbait, hala ere, bertan behera utzi behar izan zituztela esan dute Busturiko interpretazio zentroko beharginek.