Eskualdeko gazteek bekak jasoko dituzte enpresetan trebatzeko
Lana bilatzea lana da programaren eta Gaztedi Busturialdea egitasmoaren baitan, Busturialdeko gazteei enpresetan trebatzeko aukera eskaini nahi diete bertoko hainbat udalek (Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kor...
Hain zuzen, 25 urtetik beherako herritarrek edukiko dute ikasitakoa praktikan jartzeko eta ordaindutako lehen lan esperientzia izateko aukera. Beka horiek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta sektore ezberdinetako zenbait enpresetan gauzatuko dituzte, Busturialdean.
Beka hori eskuratzeko, dena den, hainbat baldintza bete beharko ditu interesatuak; batetik, langabetuek baino ezin izango dute eskaria egin, eta, horiek, gainera, 18 eta 25 urte bitartekoak izan beharko dira. Horrez gain, Lanbiden izena emana eduki beharko dutela jakinarazi dute beken sustatzaileek. Halaber, ikasketa-maila ere egiaztatu behar izango dute: Lanbide Heziketako goi edo erdi mailako gradua, kirol zein arteetako goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edota unibertsitateko diplomatura, lizentziatura edota gradua, kasuan kasu.
Aurreko baldintza horiez gain, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan-harremanik edo esperientzia profesionalik izan ez duen herritarra izan beharko da beka eskaera hori egiten duena.
Enpresa interesatuak
Gaztedi Busturialdea Beka horietan parte hartu nahi duten enpresek, bestalde, otsailaren 13a baino lehen Busturialdeko Gazteria Zerbitzuekin harremanetan jarri beharko dira 94-617 91 58, 94-627 02 15 edota 94-625 76 09 telefonora deituta.