
Izaro Azkue. Argazkia: Ondarroako Igeri Taldea
Lea-Artibaiko bost igerilarik parte hartu dute Bizkaiko igeriketa txapelketan. Ondarroako Igeri Taldeko Izaro Azkuek, Aiert Olabarriak eta Estibalitz Ruizek eta Atxondo Igeri Kirol Taldeko Garazi Lekubek eta Aimar Ibarlozak parte hartu dute Bizkaiko igerilari onenekin batera.
Izaro Azkue ondarrutarra, esate baterako, sari askogaz bueltatu da Santurtzitik. Lau probatan parte hartu zuen (50 eta 100 metro krol eta 100 eta 200 metro bular), eta hirutan podiuma egin zuen txikien mailako igerilariak. Hain zuzen ere, 100 metro bularrean Bizkaiko titulua lortu zuen Azkuek. Horrez gain, 200 metro bular eta 50 metro krol probetan, bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen, hurrenez hurren.
Txikien mailako Aiert Olabarriak, ostera, proba bakarrean parte hartu zuen. Hirugarren egin zuen 100 metro bizkar proban. Junior mailako Estibalitz Ruizi dagokionez, 50 eta 100 metro krol eta 50 metro bizkar probetan ez zuen dominarik lortu.

Aimar Ibarloza (laranjaz) podiumean. Argazkia: Atxondo Igeri Kirol taldea
Atxondo taldekoek ez zuten zorte gehiegirik eduki eta domina bakarragaz etxeratu ziren.Garazi Lekubek 100 metro bizkar proban parte hartu zuen, baina ez zuen aurrekoen artean egoteko aukerarik eduki. Aimar Ibarlozari dagokionez, 50 metro krol, 100 metro bular eta 100 metro bizkar probetan parte hartu zuen. Azken proba honetan, hirugarren egin zuen markina-xemeindarrak.
Otsailaren 7 eta 8an, bestalde,
Euskadiko Txapelketa jokatuko da Iruñean. Ondarroako Larraitz Torrontegi 50 metro eta 200 metro bizkar probetan ariko da.