Artibai Judo Taldeko kidea zilarrezko dominagaz bueltatu da Gasteizen egin den Euskadiko judo txapelketatik. Txapelketa domeka goizean jokatu zen Gasteizko Arriaga udal kiroldegian.
Gipuzkoako txapeldunak 80 kiloz azpiko junior mailan parte hartu zuen. Denetara, lau minutuko hiru borrokaldi egin zituen ondarrutarrak. Lehen eta bigarren borroketan Alejandro Galindezen eta David Esperiaren aurka
ippon puntuazioagaz irabazi zuen.

Julen Duñabeitia eta Jon Lasarte. Argazkia: Artibai Judo Taldea
Hau da, azkartasun, teknika eta indar maximoa erabilita denbora baino arinago garaitu zituen aurkariak. Azken borrokan, ostera, Gorka Aduriz donostiarraren aurka ezin izan zuen ondarrutarrak. “Oso pozik gaude Jonek lortu duen markagaz. Orain ikusi egin beharko da Espainiako sailkapen probetan zelan dabilen”, azaldu du Luis Ferreño Artibai Judo Taldeko entrenatzaileak.
Ondarroako judo taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, Jon Lasarterekin batera, Julen Duñabeitiak ere parte hartu zuen 90 kilo azpiko Junior mailan. Bosgarren postua egin zuen Duñabeitiak. “Espero baino egun eskasagoa eduki zuen Julenek, eta hasiera batean pentsatu baino postu txarragoa lortu du txapelketan. Pena handia da. Izan ere, maila horretan parte hartzen duen azken urtea da eta”.
Espainiako txapelketarako bidean
Euskadiko judo txapelketatik zilarragaz bueltatu ostean, Lasartek otsailaren 21ean Iruñean Espainiako txapelketarako jokatuko diren sailkapen probetan parte hartuko du. Hain zuzen ere, Iparraldeko sektorekoan parte hartuko dutenen aurka aritu beharko du ondarrutarrak.
Bere sektorean lehenengo bien artean sailkatuz gero, martxoaren 7an eta 8an Madrilen egingo diren Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izango du Lasartek.