Aratusteetarako giroa berotzen
Santa Agedako koplak abesten, Kandelario ospatzen edota zotzetan txorizoak erretzen igaro dute asteburua bertoko herri askotako bizilagunek.Aratusteen zain, neguko usadio herritarretan parte hartzen ari dira egunotan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturiald...
Santa Agedako koplak abesten, Kandelario ospatzen edota zotzetan txorizoak erretzen igaro dute asteburua bertoko herri askotako bizilagunek.
Aratusteen zain, neguko usadio herritarretan parte hartzen ari dira egunotan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrak; Kandelario eta Txitxiburduntzi ospatu dute herri batzuetan, eta Santa Agedako koplak abestera atera dira beste batzuetan.Ohikoena santa eskean Santa Ageda bezperan ateratzea bada ere, herri askotan asteburuan irten dira koplak abestera. Hala, Ondarroan, zapatuan, Kantaize Orfeiko kideek kalez kale abestu zituzten Santa Agedako koplak. Jon Arrizabalaga, Peio Urresti eta Jose Mari Aranbarri Botx bertsolariak ere eurekin batera ibili ziren koplari. Mutrikun ere kopla kantari ibili ziren zapatuan, 60 lagun inguru. Bi taldetan banatuta, kalerik kale ibili ziren herriko Gure Ametsa dantza taldearentzako dirua batzen. Gainera, barikuan hil zen Roman Maiz Okelar herriko bertsolariari eskaini zioten eguna, eta koplariek bere omenez idatzitako koplak abestu zizkieten hileta elizkizunaren ostean.
Bestalde, Nabarnizen eta Ereñon ere, santa eskean ateratzekoak ziren zapatuan. Eguraldiagatik, baina, bertan behera utzi zituzten deialdiak.
Bermeon, berriz, Demiku auzoan, Kandelario jaiak ospatzen jarraitu zuten domekan. Hainbat izan ziren auzoko baseliza ingurura bertaratu ziren herritarrak. Umeentzako jolasekin hasi zuten eguna, eta txigorki lehiaketagaz amaitu. Demikuko jaiak datorren domekan amaituko dira, hain zuzen, Demikuko mendi martxagaz.
Txorizo erreak
Txitxiburduntzirako egunak ere iritsi dira. Hala, Busturian, Gernika-Lumon, Gautegiz Arteagan eta Muruetan asteburuan bildu ziren zotzean txorizoak erreta jateko. Txorizoa jateaz gain, mendi irteerak, zuhaitz landaketak eta umeentzako jolasak ere egin dituzte txitxiburduntzia girotzeko. Bestalde, Ereñoko eta Nabarnizko bizilagunek datorren domekan egingo dute txitxiburduntzia. Azkenak mendatarrak izango dira. Hilaren 21erako jarri dute horiek hitzordua. 17:30ean, frontoian batuko dira, txorizoak erretzeko. 16:30ean, aldiz, zuhaitzak landatzeko hitzordua jarri dute. Artape aurrean elkartzeko deia egin dute.