Angel Toña lehendakariaren aurrean kargua zin egin ostean, atzo. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu izendatu eta hurrengo egunean, Angel Toña urtarrila hasieran hemezortzi hilabeteko inhabilitazioara zigortu zutela zabaldu da. Komunikabide batzuen arabera, gainera, Toñak sententziaren berri kargua hartu baino bi egun arinago izan zuen.
Horren harira, ondarrutarra administratzaile izateko inhabilitazioak sailburu izatetik ere inhabilitatzen duela salatu du koalizioak. “Guretzat egoera hau larria eta kezkagarria da. Enplegu sailburu bat administratzaile moduan inhabilitatua baldin badago, nola da posible herri honetako politika enpleguak zuzendu ahal izatea? “, azaldu du Dani Maeztu legebiltzarkideak.
Likidazio garaian ordainketen ordena aldatzea eta Gizarte Segurantzako altxorrari eta bost langileri zorra geroratzea leporatzen zaie Fundifes, Otsalia XXI eta Bator Gestion 2004 enpresetako kontsurtso administrariei; sententzian ez da administratzaileen izenik ageri
Bizkaiko probintzia auzitegiak Fundifes, Otsalia XXI eta Bator Gestion 2004 enpresetako konkurtso administrazioak zigortu zituen, likidazio garaian ordainketen ordena aldatzea eta Gizarte Segurantzako altxorrari eta bost langileri zorra geroratzea leporatuta. Sententzian ez da administratzaileen izenik ageri, baina EH Bilduk jakinarazi du Toña hiru administrarietako bat dela.
Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak lehendakariagaz batera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Koalizioaren arabera, ezin da izan Enplegu sailburu, agerian geratu delako ez dituela “langile guztien eskubideak” defendatu. Marian Beitialarrangoitiaren iritziz, “Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute langileen eskubideak urratzen dituen enplegu sailburu bat merezi. Hori baino gehiago merezi dutela uste dugu”.
Bi legebiltzarkideen esanetan, inhabilitazioak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu izatetik ere inhabilitatzen du Toña. “Zer nolako konfidantza izan dezakegu gizartean herritar modura langileen eskubideak urratzeagatik inhabilitatutrik dagoen enplegu sailburu batengan? Guk uste dugu askorik ezetz! Inhabilitazio honek izendapen hori nabarmenki kutsatzen duela iruditzen zaigu”.
Gizarte Segurantzari eta langileei ordainketak atzeratu arren, Angel Toñak administraile modura egindako lana kobratu zuela ere salatu du EH Bilduk
Toñaren jokaera enpresa prestatzen ari zen “birkalifikazio bati laguntzeko eta kolpe urbanistiko bat jotzeko” izan zela gaineratu dute. “Gizarte Segurantzari eta langileei ordainketak atzeratu arren, berak kobratu zuen administratzaile gisa egindako lana”.
Eusko Jaurlaritzako sailburuen batzarra. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
EH Bilduk ez du zalantzan jartzen orain arte Angel Toñak izan duen ibilbide profesionala, baina beraien eskuetara iritsi den informazioaren arabera, “ez dago enplegu sailburuaren ardura” bere gain hartzeko moduan. Are gehiago, Toña izendatu duenak horren guztiaren inguruan zer iritzi duen jakin nahi du EH Bilduk. “Angel Toña izendatu zuenean lehendakariak sententzia horren berri al zuen? Inhabilitatua izan al zen, ba al zekien?”.
Horren guztiaren harira, sailburu berriari zuzendutako galdera erregistratu dute Gasteizen gaur [otsailak 11] goizean, eta etzi [otsailak 13] egingo den kontrol saioan gaiari buruz galdetuko diote Iñigo Urkullu lehendakariari. Gaur argitara eman diren informazioa kontutan izanik, PPk eta UPyDk esan dute ez zaiela iruditzen Toñak sailburu izateko baldintzak betetzen dituenik.
Alderdi Popularreko Borja Senperren esanetan, ezin da onartu enpleguaz arduratuko den pertsonak kondena bat izatea langileen eskubideen kontra egiteagatik, “politikoki jasangaitza iruditzen zaigu”. UPyDko Gorka Maneirok, ostera, Toña kargutik kentzea eskatu du. “Lehendakariari eskatzen diogu sailburu berria kargutik kentzeko, lehenbailehen”.
LAB sindikatuak, ostera, ez du jokabide okerrik ikusi Angel Toñaren jardueran. Sindikatuak ez du ikusi Toñak administratzaile lanetan egindakoak inolako akatsik, edo salaketa jartzeko arrazoirik. Ainhoa Etxaideren esanetan, 100 langiletik bostek ipinitako salaketa da martxan dagoena
LAB sindikatuak, ostera, ez du jokabide okerrik ikusi Angel Toñaren jardueran. Sindikatuak ez du ikusi Toñak administratzaile lanetan egindakoak inolako akatsik, edo salaketa jartzeko arrazoirik. 100 langiletik bostek ipinitako salaketa izan dela esan du Ainhoa Etxaidek eta “gatazka horretan Angel Toñak egindako kudeaketaren kontra jartzeko ez dugu ezer berezirik ikusi”.
ELA, CCOO eta UGT sindikatuek ere Toñaren jokabidea ontzat jo dute.
Juan Maria Aburto aurreko enplegu eta gizarte gaietako sailburuak irrati batean egin dituen adierazpenen arabera, lehendakariak ez zuen Angel Toñaren inhabilitazioaren berri.
Angel Toñak egindako adierazpenen arabera, Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatu baino aurreragoko sententzia da; 2007an hasitako merkataritza alorreko prozesua dela nabarmendu du
Angel Toña goizean lehendakariarekin batu da, eta eguerdiaren egin dituen adierazpenen arabera, merkataritza alorreko erabakia dela nabarmendu du sailburuak. “Ez da epai penal bat eta ezin da zigorrez hitz egin“.
Prozesua 2007an hasi zela adierazi du, eta konkurtso administraileen zeregina “enpresak irauteari, lanpostuak mantentzeari eta langile soldaten ordainketari” lehentasuna ematea izan dela azpimarratu du. “Horixe da ohiko jardunbidea konkurtso administrazioan, horrela jardun izan da kasu horretan, eta horrela onartu dute langileen ordezkariek ere”.
Informazio guztia Kode Etikoaren Batzordearen esku utziko du, Eusko Jaurlaritzak erabakia ahalik eta arinen har dezan. Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko azalpen guztiak emateko prest agertu da
Sententziari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatu baino aurreragoko erabakia dela esan du. Hala ere, informazio guztia Kode Etikoaren Batzordearen esku utziko du, ahalik eta azkarren erabaki bat har dezan. “Gaur azalpen guztiak eman dizkiot lehendakariari eta eman beharreko azalpen guztiak emango ditut Eusko Legebiltzarrean gai hori argi eta garbi gera dadin”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.