Pasilekurako ideia lehiaketa deitzea erabaki du Kultura Batzordeak
Apirilerako proiektuen proposamenak bozkatu ahal izatea da kultura batzordearen asmoa. Txiki Park-ari buruzko hausnarketa alderdi politikoekin partekatuko duPasilekurako ideien proiektua deitzea erabaki du Gernika-Lumoko Kultura Batzordeak. Pasileku pr...
Apirilerako proiektuen proposamenak bozkatu ahal izatea da kultura batzordearen asmoa. Txiki Park-ari buruzko hausnarketa alderdi politikoekin partekatuko du
Pasilekurako ideien proiektua deitzea erabaki du Gernika-Lumoko Kultura Batzordeak. Pasileku proiektuagaz aurrera egin asmoz eta herriko espazio hori irudikatzen jarraitzeko erabaki dute lehiaketa egitea. Hain zuzen, Kultura Batzordeak apirilerako izan gura ditu proiektuak esku artean, bozketa egin ahal izateko. Horretarako, lehiaketaren oinarrien zirriborroa aztertzen eta zehazten ere ibili da Kultura Batzordea. Behin-betiko oinarriak egun batzuk barru emango dituzte jakitera.Pasilekuaren kanpoaldea irudikatuko duten proiektuen ideiak dira jaso gura dituztenak, eta bozketa apirilean egun nahiko lukete, eta 16 urtetik gorako herritarrek ere parte hartu ahal izango dute. Modu horretara, parte hartzea herriari zabaldu gura dio Kultura Batzordeak: «Zein Pasileku nahi dugun denon artean erabaki ahal izango dugu; betiere, prozesuan adostutakoan oinarrituz».
Proiekturik egokiena aukeratzea da Kultura Batzordearen helburua, eta herritarren esku hartzea bermatu ahal izateko bideak aztertzen ere aritu izan da, eta proiektu ezberdinak etxeetara helaraztea beharrezkoa ikusi dute.
Espazio publikoak
Herritarrekin bakarrik ez, Gernika-Lumoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin ere harremana edukitzea garrantzizkoa ikusi dute Kultura Batzordeko azken batzarrean batu izan direnek.
Pasileku proiektuaren ideia lehiaketari buruzko informazioa helarazi gura diete, baina baita ere Txiki Park-ari buruz Kultura Batzordeak egin duen hausnarketari buruzkoa.
Umeentzako espazio hori enpresa batek kudeatzen du gaur egun, eta, kontratua maiatzean iraungitzen denez, Pasileku parte hartze prozesuan identifikatu zuten beste beharrizan bati erantzuna emateko aukera ikusi du Kultura Batzordeak: Gazte Lekua eta Ludoteka bertan kokatzearena, hain zuzen.
Espazioa herriarena izanik, zerbitzua ere publikoa izan beharko litzatekeela uste dute batzordeko kideek, «eta herritarrentzat doakoa». Hala, hausnarketa hori talde politikoekin partekatzeko beharrizana ikusi dute, eta proposamen horregaz aurrera egiteko bideak zabaldu nahi dituzte.