Otsailaren 18an, 19:00etan, Beikozinako goiko aretoan aurkezpena egingo du
Sare Herritarrak. Taldeak, besteak beste, bere helburuak eta egitasmoak aurkeztuko ditu.
2014an Sare sortu zenean sakabanaketaren gaia hartu zen lan ardatz gisa. “Euskal Presoek pairatzen dituzten ondorio lazgarrien artean, sakabanaketa da, agian, errazen hautematen dena. Sakabanaketa gertutik ezagutu dugun arren, lagun askok ez dute ondo ezagutzen sakabanaketaren egunerokotasunak eragiten dituen hainbat arazo eta datu”.
Sakabanaketaren berri emateko, egoera gertutik ezagutzen duten bi ondarrutarrek mahaingurua eskainiko dute; bikotekidea kartzelan duen Naroa Leon eta gurasoak furgonetaz kartzeletara eramaten dituen Arkaitz Otxoantesana bertan izango dira. “Elkarrizketa lasaia eta parte hartzailea izatea nahi dugu. Bertara goazen guztiok galderak egin eta gure iritziak plazaratzeko modukoa”, agertu dute Ondarroako sarekideek.
Azkenik, Sarek dispertsioaren inguruan argitaratutako
liburuxka ere aurkeztuko dute.
Ondarroako sarekideek otsailaren 18an egingo duten egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak. “Inguruan sakabanaketa gertutik ezagutu ez duen, baina berari buruz gehiago jakiteko gogoa duen jendeari ere bertara etortzeko gonbidapena luzatu nahi diegu”.