Lazunarri moilan lanean.
Euskadiko Kopararen baitan lehenengo jardunaldia izatekoa zen Lekeitiokoa, eta jendea bertan parte hartzeko “gogoz” zegoen. Hala ere, “segurtasuna bermatze aldera”, proba hori egiteko baimenik ez du eman Lekeitioko Udalak. Bigarren urtez antolatu dute Lekeitio-Lea Artibai Kayak surf txapelketa, eta, hori egiten lagundu du herriko Dzanga Piragua taldeak. Proba hori egiteko baimena eskatua zuen herriko taldeak udaletxean, baina azken horrek ukatu egin dio; izan ere, Lazunarri moilan lanean dabiltza eta bertako segurtasuna bermatu gura izan du.
Hala, Dzanga piragua taldeak udalaren erabakia begi onez ikusi du, taldeak berak ere, “garrantzia handia” ematen baitio segurtasunari.
Gauzak horrela, Euskadiko koparako baliogarria izango den proba hori noiz egingo den ez dakite oraindik. Dena den, uda igaro ostean egiteko asmoa erakutsi du piragua taldeak; betiere, lanak noiz amaitzen diren eta txapelketan zerikusia dutenek zer dioten kontuan hartuta.
Dzangaren asmoa, behintzat, Isuntzan sartzen den olatua aprobetxatzea dela azaldu dute, “etorkizunean olatu hori sortuko ez dela” uste baitute.