Busturialdeko ura, klik batean
Sentsibilizazio kanpainaren baitan, argazki lehiaketa antolatu du Busturialdeko Ur Partzuergoak; parte hartzeko deia egin die eskualdeko herritarrei.Edateko erabiltzen dugu, garbitzeko, soloak ureztatzeko... Baina uraren alderik artistikoena erakusteko...
Sentsibilizazio kanpainaren baitan, argazki lehiaketa antolatu du Busturialdeko Ur Partzuergoak; parte hartzeko deia egin die eskualdeko herritarrei.
Edateko erabiltzen dugu, garbitzeko, soloak ureztatzeko… Baina uraren alderik artistikoena erakusteko erronka luzatu die orain Busturialdeko Ur Partzuergoak herritarrei. Izan ere, Busturialdeko ura argazki lehiaketa ipini du martxan partzuergoak, eta zenbait herritarren laguntzagaz egin duela azaldu du.2014ko azaroan hasi eta martxora bitartean iraungo duen uraren inguruko sentsibilizazio kanpainaren baitan antolatu dute argazki lehiaketa ere. Busturialdeko Ur Partzuergoak adierazi duenez, sentsibilizazio kanpaina horretan parte hartzeko aukera eman nahi diote jende ezberdinari; horretarako, eskaintza bera ere desberdina eta askotarikoa izan behar dela esan dute.
Hainbat kategoria
Lehiaketarako argazkiak aurkezteko azken eguna martxoaren 6a izango da. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ditzaketela zehaztu dute. Adinaren arabera, gainera, hainbat kategoria izango ditu lehiaketak, eta sariak ere horren arabera emango dituzte. Hain zuzen, bi sari banatuko dituzte 16 urtetik beherako parte hartzaileen artean; eta beste bi sari 16 urtetik gorakoen artean.
Argazki lehiaketaren irabazleak martxoaren 22an emango dituzte jakitera, Uraren Nazioarteko Eguna baliatuta Bermeon egingo duten jaialdian. Sariak ere egun horretan banatuko dituztela jakinarazi du Busturialdeko Ur Partzuergoak.
Herritarrek lehiaketara aurkezten dituzten argazki denen artean onenak zeintzuk diren epaimahaiak aukeratu beharko du. Eta, epaimahai hori osatzeko, bi argazkilariren eta ingurumen aditu baten laguntza edukiko du ur partzuergoak. Hain zuzen, Hibai Agorria eta Erlantz Ortiz argazkilariak eta Sukarrietako Ingurumen Hezkuntzako zentroko Soraya Bastida Madariaga izango dira argazki lehiaketaren irabazleak aukeratzeko arduradunak.
Denak gonbidatuta
Parte hartzaileek aurkezten dituzten argazkiak, beste alde batetik, erakusgai ipini gura ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak; eta, horretarako ere, Uraren Nazioarteko Egunerako antolatu duten jai erraldoia baliatuko dute. Izan ere, Bermeon bertan argazkiak ikusgai jartzeko gune bat egokituko du ur partzuergoak. Beraz, argazkigintza gustuko izan ala ez, herritar denak lehiaketan parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek.
Informazio gehiago gura dutenek honako helbidean eskuratu ahal izango dute: www.busturialdekoura.com.