Amets Txurruka 2014ko Euskal Herriko itzulian
Epe motzean bueltatzeko gogoagaz agertu da Etxebarriko txirrindularia. Otsailaren 7an ezker aldeko lepauztaia apurtu ostean, minduta dagoela nabarmendu du Amets Txurrukak. “Ospitalean egon naiz eta lepauztaia apurtuta dagoela esan didate. Hala ere, hain txarra ez dela esan didate. Horrenbestez, aurrera begiratu beharko da”.
Hainbat aldiz apurtu du lepauztaia. “Azkenean, txirrindularien ohiko lesioa da. Erortzean beti sorbaldagaz jotzen da lurra, eta nik sarri apurtu ditut bata zein bestea”.
Txurrukaren lepauztailaz arduratzen ari diren traumatologoek ebakuntzarik gabe ere ondo sendatuko dela erabaki dute. “Inmobilizatu eta berez osatuko dela esan didate”, gaineratu du.
Amets Txurruka
Sendagileen arabera hilabete eta erdi inguru iraungo duen osatze prozesua izango da. Etxabarrikoak, hala ere, hezurra bere onera aurretik etorriko duenaren iritzia du. “Arinago osatuko naizela pentsatzen dut. Askotan, kirolaria eta gaztea izanda, norbera ere azkarrago sendatzen da. Esperantza horrekin nago behintzat”.
Denbora tarte horretan, ikusi egin beharko da Txurrukaren eboluzioa, eta bizikleta gainean ibiltzeko gai noizko egongo den. Osatze prozesuan plakak aterako dizkiote hezurra zelan lotzen ari den ikusteko. “Traumatologoak hezurrak lotzeko denbora beharko duela esan dit. Egia esan, pertsona denetan ez du tratamenduak berdin irauten”.
Hain zuzen ere, denboraldiaren hasieran harrapatu du Txurruka azken lesioak. Tartean, datorren astean hasiko den Andaluziako itzulia eta Frantziako klasika batzuk galduko ditu, esate baterako. Kataluniako eta Euskal Herriko itzulirako bueltan egotea espero du. “Ikusi egin beharko da gerora begira nola nagoen, baina Kataluniako eta Euskal Herriko itzulirako ea sendatuta eta prest nagoen. Hala ere, ez nago ziur Kataluniako itzulian parte hartu ahal izango dudanik, hortxe-hortxe ibiliko naiz”.