Toñak «langileen eskubideak urratu» dituela salatu du EH Bilduk
Sailburu berriak egindako adierazpenen arabera, izendapenaren aurreko sententzia da; merkataritza alorreko prozesua dela eta ez penala nabarmendu du Angel ToñakAngel Toña urtarrila hasieran hemezortzi hilabeteko inhabilitaziora zigortu zutela zabaldu...
Sailburu berriak egindako adierazpenen arabera, izendapenaren aurreko sententzia da; merkataritza alorreko prozesua dela eta ez penala nabarmendu du Angel Toñak
Angel Toña urtarrila hasieran hemezortzi hilabeteko inhabilitaziora zigortu zutela zabaldu zen atzo, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu izendatu eta hurrengo egunean. Komunikabide batzuen arabera, gainera, Toñak sententziaren berri kargua hartu baino bi egun arinago izan zuen.Horren harira, ondarrutarra administratzaile izateko inhabilitazioak sailburu izatetik ere inhabilitatzen duela salatu du koalizioak. «Guretzat egoera hau larria eta kezkagarria da. Enplegu sailburu bat administraile moduan inhabilitatua baldin badago, nola da posible herri honetako politika enpleguak zuzendu ahal izatea?», azaldu zuen Dani Maeztu legebiltzarkideak.
Bizkaiko probintzia auzitegiak Fundifes, Otsalia XXI eta Bator Gestion 2004 enpresetako konkurtso administrazioak zigortu zituen, likidazio garaian ordainketen ordena aldatzea eta Gizarte Segurantzako altxorrari eta bost langileri zorra geroratzea leporatuta. Sententzian ez da administratzaileen izenik ageri, baina EH Bilduk jakinarazi du Toña hiru administrarietako bat dela.
EH Bilduren arabera, ezin da izan Enplegu sailburu, agerian geratu delako ez dituela «langile guztien eskubideak» defendatu. Marian Beitialarrangoitiaren iritziz, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute langileen eskubideak urratzen dituen enplegu sailburu bat merezi. Hori baino gehiago merezi dutela uste dugu».
Bi legebiltzarkideen esanetan, inhabilitazioak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu izatetik ere inhabilitatzen du Toña. «Zer nolako konfiantza izan dezakegu gizartean herritar modura langileen eskubideak urratzeagatik inhabilitatuta dagoen enplegu sailburu batengan? Guk uste dugu askorik ezetz! Inhabilitazio honek izendapen hori nabarmenki kutsatzen duela iruditzen zaigu».
Toñaren jokaera enpresa prestatzen ari zen «birkalifikazio bati laguntzeko eta kolpe urbanistiko bat jotzeko» izan zela gaineratu dute. «Gizarte Segurantzari eta langileei ordainketak atzeratu arren, berak kobratu zuen administratzaile gisa egindako lana».
Kargutik kentzeko eskaera
EH Bilduk ez du zalantzan jartzen orain arte Angel Toñak izan duen ibilbide profesionala, baina beraien eskuetara iritsi den informazioaren arabera, «ez dago enplegu sailburuaren ardura» bere gain hartzeko moduan. Are gehiago, Toña izendatu duenak horren guztiaren inguruan zer iritzi duen jakin nahi du EH Bilduk. «Angel Toña izendatu zuenean lehendakariak sententzia horren berri al zuen? Inhabilitatua izan zela, ba al zekien?».
Horren guztiaren harira, sailburu berriari zuzendutako galdera erregistratu zuten atzo goizean Gasteizen, eta bihar egingo den kontrol saioan gaiari buruz galdetuko diote Iñigo Urkulluri.
Atzo argitara eman ziren informazioa kontuan izanik, PPk eta UPyDk esan zuten ez zaiela iruditzen Toñak sailburu izateko baldintzak betetzen dituenik.
Alderdi Popularreko Borja Senperren esanetan, ezin da onartu enpleguaz arduratuko den pertsonak kondena bat izatea langileen eskubideen kontra egiteagatik: «Politikoki jasangaitza iruditzen zaigu».
UPyDko Gorka Maneirok, ostera, Toña kargutik kentzea eskatu zuen. «Lehendakariari eskatzen diogu sailburu berria kargutik kentzeko, lehenbailehen».
LAB sindikatuak, ostera, ez du jokabide okerrik ikusi Angel Toñaren jardueran. Sindikatuak ez du ikusi Toñak administratzaile lanetan egindakoan inolako akatsik edo salaketa jartzeko arrazoirik.
100 langiletik bostek ipinitako salaketa izan dela esan zuen Ainhoa Etxaidek eta «gatazka horretan Angel Toñak egindako kudeaketaren kontra jartzeko» ez zutela «ezer berezirik» ikusi.
Juan Maria Aburto aurreko Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak irrati batean egin zituen adierazpenen arabera, lehendakariak ez zuen Angel Toñaren inhabilitazioaren berri.
2007an hasitako prozesua
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua atzo goizean lehendakariarekin batzartu zen, eta eguerdi aldean egin zituen adierazpenen arabera, merkataritza alorreko erabakia zela nabarmendu zuen. «Ez da epai penal bat, eta ezin da zigorrez hitz egin», azpimarratu zuen ondarrutarrak.
Prozesua 2007an hasi zela adierazi zuen atzo egindako agerraldian, eta konkurtso administraileen zeregina «enpresak irauteari, lanpostuak mantentzeari eta langile soldaten ordainketari» lehentasuna ematea izan zela nabarmendu zuen. «Horixe da ohiko jardunbidea konkurtso administrazioan, horrela jardun izan da kasu horretan, eta horrela onartu dute langileen ordezkariek ere».
Sententziari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatu baino aurreragoko erabakia dela esan zuen. Hala ere, informazio guztia Kode Etikoaren Batzordearen esku utziko du, ahalik-eta azkarren erabaki bat har dezan. «Gaur azalpen guztiak eman dizkiot lehendakariari, eta eman beharreko azalpen guztiak emango ditut Eusko Legebiltzarrean gai hori argi eta garbi gera dadin».