Beharrok hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta Iturribarrin egindako hirigintza lanei jarraipena emango die . “Kamiñazpiko auzokoek arazo garrantzitsu bi konpontzeko eskaera egin zuten udalean, eta biei konponbidea emango zaie”. Alde batetik, Txomin Agirre ikastolaren paretik Kamiñazpi kaleko 21. zenbakira bitartean ipiniko da espaloia, eta bestetik, autobus geltokiaren atzeko igarobidea zabalduko dute, ibilgailuen pasua erraztuz.
Hondeamakina espaloi berria egiteko beharrean
Herritarren segurtasuna bermatze aldera, hain zuzen ere, egingo dute espaloi berria. Izan ere, alde horretan ez zegoen espaloirik. Zehatz esanda, 80 metrotik gorako luzerako eta 2,20 metroko zabalerakoa izango da. Espaloi berriagaz batera, eta energia aurrezteko helburuagaz, LED sistemadun farolak ere ipiniko dira.
Horrez gain, bidearen beste aldean ere konponketak egingo dira. Autobus geltokiaren atzean, pasu oso estua dago, eta sarri autoak aurrera ezin pasata egoten dira. Arazo hori ekiditeko, eremu hori 90 zentimetro zabalduko da, auzokoen eskariz. Bizkaibusaren geltokiaren inguruan seinale horizontalak ere ipiniko dira, gaur egun seinalerik ez dagoelako.
Kamiñazpi 14ko eskailerak
Era berean, auzoko eskaileretako bitan ere aldaketak egingo dira. Alde batetik, Kamiñazpiko 15era ematen duten eskailerak birmoldatu egingo dira. “Espaloiaren albotik bidexka bat egingo da, ez beheraino, baina bai zati eder batean; eskailera guztiak ez, baina batzuk kendu egingo dira”. Bestalde, Kamiñazpi 14ko eskailerak ere konpondu egingo dituzte. Bide batez, Kamiñazpi 21era ematen duen zebrabidearen kokapena zertxobait aldatu egingo da, “goiko aldeko etxeetara daraman aldatsetara erraztasunak emate aldera”.
Udal ordezkarien iritziz, beharrek zirkulazioan eragin arina izango dute eta Bizkaibuseko autobusen zerbitzuan ez dute eragin handirik izango. Espaloia egin ahal izateko oinarria hartzeko, esate baterako, zutoinak sartu beharko dira, eta errepidean bertan egongo dira lanean. Beharrokin batera, behegainea altzatzea aprobetxatuz, auzoko saneamendua berritu eta euri urak ere kanalizatu egingo dira.