Kartzeletako errealitatera hurreratzeko ekitaldi berezia egingo da Zuloan
Patriarkatuaren zapalkuntza kartzelan nola bizi izan duten azalduko dute protagonista ezberdinek, eta poesia musikatua egongo da ondoren. 17:00etan hasiko da ekitaldiaLekeitioko lagun talde batek antolatuta, Espetxeak apurtu kateak! ekimen berezia egon...
Patriarkatuaren zapalkuntza kartzelan nola bizi izan duten azalduko dute protagonista ezberdinek, eta poesia musikatua egongo da ondoren. 17:00etan hasiko da ekitaldia
Lekeitioko lagun talde batek antolatuta, Espetxeak apurtu kateak! ekimen berezia egongo da zapatuan, Zuluan. Euskal Herrian presoez, kartzelaz, sakabanaketaz eta presoen eskubideez asko hitz egiten dela diote antolatzaileek, baina oraingo honetan, kartzela barrura egin nahi dute salto. «Badakigu barroteek, hormek eta distantziak bi mundu hauek bereizten dituela, eta sarritan oso gaitza izaten da kartzelan bertan egon izan barik, kartzela irudikatzea», azaldu dute.Zapatukoa, beraz, kartzeletara hurreratzeko aukera bat izango da. «Hurbilpen bat kartzela sistemak nola eta zertarako funtzionatzen duen ezagutzeko. Baina baita ere, kartzela sistema kapitalista eta patriarkalaren barruan eta bere zerbitzura eraikitako egitura bat dela nabarmentzeko». Ondorioz, kartzelak, emakume presoengan ze eragin zuzen daukan ere ezagutzera emango dute.
Era berezian hurreratuko dute gainera, publikoa, kartzeletara: kafe tertulia eta poesia musikatuaren bidez.
Emakumeak, kartzela eta isolamendua izango ditu gai 17:00etatik 18:00etara egingo den tertuliak, eta bertan, kartzelan patriarkatuaren zapalkuntza zelan bizi izan duten azalduko dute protagonistek: Arantza Zulueta abokatuaren lagunak eta Zurine Gojenola Goitia eta Zaloa Zenarruzabeitia Iruguenpagate preso ohiek hartuko dute parte solasaldian.
Poesia musikatu emanaldiagaz jarraituko du ekimenak. Burdin hariak eta plastikozko goilarek. Maitasun lubrikatua izeneko emankizuna prestatu dute Markel Ormazabal Gaztañaga eta Oier Gonzalez Bilbatua preso ohiek. Poesia, musika eta espetxean idatzitako testuak eta irudiak nahastuko dituzte emankizunean.