Kataluniako itzulirako prest egotea espero du Txurrukak
Epe motzean bueltatzeko gogoagaz agertu da Amets Txurruka. Hilaren 7an ezker aldeko lepauztaia apurtu ostean, minduta dagoela nabarmendu du. «Ospitalean egon naiz, eta lepauztaia apurtuta dagoela esan didate, baina ez dela hain txarra esan didate».Ha...
Hainbat aldiz apurtu du lepauztaia. «Azkenean, txirrindularien ohiko lesioa da. Erortzean beti sorbaldagaz jotzen da lurra, eta nik sarri apurtu ditut bai bata zein bestea».
Txurrukaren lepauztaiaz arduratzen ari diren traumatologoek ebakuntzarik gabe ere ondo sendatuko dela erabaki dute. «Inmobilizatu eta berez osatuko dela esan didate». Sendagileen arabera, hilabete eta erdi inguru iraungo duen osatze prozesua izango da. Etxabarrikoak, hala ere, hezurra bere onera aurretik etorriko duenaren iritzia du. «Arinago osatuko naizela pentsatzen dut. Askotan, kirolaria eta gaztea izanda, norbera ere azkarrago sendatzen da. Esperantza horrekin nago, behintzat».
Andaluziako itzuli barik
Denbora tarte horretan, ikusi egin beharko da Txurrukaren eboluzioa, eta bizikleta gainean ibiltzeko modura noizko egongo den. Osatze prozesuan plakak aterako dizkiote hezurra zelan lotzen ari den ikusteko.
Denboraldi hasieran harrapatu du Txurruka azken lesioak. Tartean, esate baterako, datorren astean hasiko den Andaluziako itzulia galduko du. Kataluniako eta Euskal Herriko itzulirako bueltan egotea espero du. «Ikusi egin beharko da gerora begira nola nagoen, baina Kataluniako eta Euskal Herriko itzulirako ea sendatuta eta prest nagoen. Hala ere, ez nago ziur Kataluniako itzulian parte hartu ahal izango dudan, hortxe-hortxe ibiliko naiz».