Mozorroekin, gizarteari buelta
Mozorroa soinean kalera ateratzeko unea iritsi zaie Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrei. Desfileak eginez ospatuko dituzte batzuek inauteriak, edota besterik gabe, jai giroan murgilduz.Kantuan aritzeko, dantzan egiteko zein oihu egiteko ...
Mozorroa soinean kalera ateratzeko unea iritsi zaie Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrei. Desfileak eginez ospatuko dituzte batzuek inauteriak, edota besterik gabe, jai giroan murgilduz.
Kantuan aritzeko, dantzan egiteko zein oihu egiteko bilduko dira han eta hemengo herritarrak inauterien aitzakian, horretarako etxean hartutako, lagun bati eskatutako zein dendan erositako arropa soinean jarrita. Umorea eta parodia uztartuta, gizarteari buelta emateko hitzordua izango dute bertokoek gaur hasi eta hilaren 21a ailegatu bitartean.Egunerokotasunean janzten ez dituzten arropa horiek jantziko dituzte egun horietan, amesten edo miresten duten pertsonaia horren edota gorrotatzen duten bestearen itxura hartzekotan. Toki batzuetan mozorrotzeko gaia jarrita edukiko dute, eta horren arabera aukeratuko dute mozorro bat edo beste; beste batzuetan, berriz, irudimenagaz jolas eginda aterako dira kalera, lotsak atzean utzita.
Veneziako (Italia), Rio de Janeiroko (Brasil), Tenerifeko (Espainia) eta Cadizko (Espainia) inauterietan ez ezik, bertokoetan ere badelako zer egin eta zegaz gozatu, egitarau zabalak antolatu dituzte.
Hainbat ekintza aukeran
Dantza saioek, kalejirek, mozorro lehiaketek eta mozorro desfileek hartuko dute nagusitasuna egunotan; hala eta guztiz ere, beste hainbat ekintza ere izango dira aukeran: txokolate jana, antzerkiak, herri bazkari zein afari-meriendak, umeentzako ekintzak, txigorki txapelketak, musika zein irrintzi erakustaldiak, flashmoba eta beste hainbat. Ia herri guztietan ospatuko dituzte aratusteak, era batera edo bestera; batzuek kalean zehar, beste batzuek eskolan, besteek herriko frontoian…
Eta ikusmina sortuko duten hainbat ekintzen artean, Aulestin, Gregoritxu herriko pertsonaia itxura berri batekin ailegatuko da inauterietara; izan ere, barriztu egingo dute bere aurpegi zein gorputza.