Nahia Quincocesek bosgarren postua lortu du binakako proban
Eskiatzaile mendexarrak Gemma Arro kataluniarragaz batera egin du proba. Munduko Mendi Eski txapelketan onenen artean parte hartzea «izugarria» izan dela nabarmendu duSuitzan jokatu den Munduko Mendi Eski txapelketan parte hartu duen proba guztietati...
Eskiatzaile mendexarrak Gemma Arro kataluniarragaz batera egin du proba. Munduko Mendi Eski txapelketan onenen artean parte hartzea «izugarria» izan dela nabarmendu du
Suitzan jokatu den Munduko Mendi Eski txapelketan parte hartu duen proba guztietatik markarik onena egin du Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarrak. Herenegun, Gemma Arro Ribot eskarmentu handiko eskiatzaile kataluniarragaz batera binakako proban bosgarren postuan helmugaratu ziren.Bi ordu eta 45 minutu behar izan zituzten lasterketa amaitzeko, Laetitita Roux eta Axelle Mollaret irabazleek baino 16 minutu eta 8 segundo gehiago.
Proba amaitu ostean, pozik eta gustura agertu zen eskiatzaile mendexarra. «Txapelketan egin behar izan dudan probarik luzeena berau izan da. 2.000 metroko maldak gainditu beharko ditugu, esate baterako. Ez da proba erraza izan. Hasi garenean elurra izoztuta egon da, eta irristaka ere ibili gara. Probak, guztira, launa igoera eta jaitsiera izan ditu, eta ibilbideko hiru zatitan eskiak poltsetan eskegi eta oinez egitea ere tokatuko zaigu», azaldu zuen proba amaitzean.
Beste 23 kidegaz batera
Verbien-en (Suitza) jokatu den Munduko Mendi Eski txapelketa atzo amaitu zen; guztira, Amerikako, Asiako eta Europako 23 herrialdetatik etorritako 200 eskiatzailek parte hartu dute.
Quincoces Espainiako FEDME selekzioko beste 23 lagunekin batera joan da, eta Munduko txapelketan parte hartzea «izugarria» izan dela nabarmendu du. «Gogotsu etorri naiz. Mendia izugarri gustuko dut, eta mendiko eskia nire pasioa da. Kirola eta lehiatzea ere gogoko ditut, eta kirol honetan horiek denak aurkitu ditut. Itzela izan da niretzat bertan parte hartzea, kirol honetako onenak txapelketa honetan daude eta».
Txapelketa otsailaren 6an hasi zen, eta binakako probaz gain, igoera bertikalean eta bakarkako probetan ere parte hartu zuen mendexarrak.
Txapelketan egindako probetan, bere burua fisikoki indartsu ikusi duela nabarmendu du, baina teknikoki zer hobetu asko duela iruditu zaio. «Txapelketan batez ere, teknika hobetzen saiatzen ari naiz. Probetan, gozatu eta ikasi dudan bitartean, dena ematera irten dut».
12. eta 13. postuak
Lehen proba otsailaren 7an egin zuen; 13. helmugaratu zen igoera bertikaleko proban. 50 minutu eta 49 segundo behar izan zituen 800 metro pasako malda positiboak eta bost kilometroko lasterketa amaitzeko, Laura Orgue probako irabazleak baino 5 minutu eta segundo 1 gehiago. Eskiatzaile mendexarraren iritziz, amaierako zatia oso gogorra izan zen. «Amaierako azken metroetan sekulako malda zegoen, eta postu bat galdu nuen».
Proba polita bezain gogorra izan zela adierazi du mendexarrak. Lasterketa 1.333 metrotara dagoen Medieres herrian hasi zen, eta 2.180 metrora dagoen Ruinettes-en amaitu zen. «Norgehiagoka izugarria izan zen, gustura ibili nintzen. Proba, esate baterako, Verbier herrigune herritik igaro zen. Herrigunetik pasa ginenean edota helmugara heltzean, ikusleek zintzarriekin animatzen gintuzten. Zirraragarria izan zen, benetan».
Otsailaren 9an, ostera, banakako proban parte hartu zuen. 12. sailkatu zen, ordubete, 36 minutu eta 9 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, Laetitia Roux irabazleak baino 10 minutu eta 19 segundo gehiago. Eskiatzaile mendexarra beste bi parte hartzailegaz batera helmugaratu zen, aurreko bi postuetako aurkariak baino 2 eta 3 segundo beranduago sailkatuz.
Banakako proban ere «oso gustura» ibili zen. «Igoera eta jaitsiera askoko probak oso gustuko ditut. Helmugara beste hiru neskekin batera heldu nintzen. Oso polita izan zen familia han zain edukitzea».