Ahal Dugu-k Roberto Uriarte izendatu du EAEko idazkari nagusi

Espainiako Estatuko erkidegoetako zuzendaritzak aukeratu ditu jada Ahal Dugu alderdiak, eta EAEn Euskal Hiria hautagaitzako buru Roberto Uriarte (Bermeo, 1960) hautatu dute idazkari nagusirako, botoen %35,29rekin. Bozketa telematikoaren bidez, eta, ber...

Espainiako Estatuko erkidegoetako zuzendaritzak aukeratu ditu jada Ahal Dugu alderdiak, eta EAEn Euskal Hiria hautagaitzako buru Roberto Uriarte (Bermeo, 1960) hautatu dute idazkari nagusirako, botoen %35,29rekin. Bozketa telematikoaren bidez, eta, bereziki, Internetez egin dute aukeraketa prozesua, eta azken hamabost egunetan milaka lagunek izan dute idazkari nagusiak eta Herritarren Kontseilua zuzendaritza osatuko duten kideak hautatzeko aukera. Horietatik, 968 pertsonak eman dute bermeotarraren aldeko botoa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru hautagaitza aurkeztu dira barne hauteskundeetara: Orain Ahal Dugu (Luis Angel de Lachinaren hautagaitza), Euskal Hiria (Roberto Uriarterena) eta Euskadi (Iratxe Osinagarena). Hiruretako batek ere ez du Espainiako Podemosen zuzendaritzaren babesa jaso, baina guztiek esan dute ildo berekoak direla.

Hiru hautagaitzek bat egiten dute gaurko sistemaren aldean beste bat behar dela eta herritarrei «boterea» eman behar zaiela esaterakoan. Estatuan «prozesu eratzailea» egitearen aldekoak dira denak. Herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen du Roberto Uriarteren hautagaitzak. Besteak beste, herrien autodeterminazioaren alde egin du, baina Espainiako estatu federala desio du, barruan Euskal Estatua ikusten duela.

Uriarteren arabera, oposizioa egiteko apustua egin beharko luke Ahal Dugu-k hauteskundeak irabazten ez dituzten tokietan. Hala ere, inorekin itunik sinatzearen aurka agertu da bermeotarra.