Lekeitioko udaleko osoko bilkura. 2014ko aurrekontuak onartu zituzten eguna.
Aurtengo udal aurrekontuen proposamena eta iazko kontu egoera lehen bait lehen aurkez ditzala eskatu dio Lekeitioko EAJk udal gobernuari. «Hiru hilabete besterik ez dira gelditzen legealdi hau bukatzeko eta aurrekontuak onartu gabe ezin dira inbertsioak edo proiektuak aurrera eraman», azpimarratu dute.
Lekeitioko EAJren esanetan, Lekeitio da aurtengo aurrekontu barik dagoen eskualdeko herri bakarra. «Eskualdeko beste herri gehienak aspaldi onartu zituzten, baina lekeitiarrak ez dakigu oraindik udalak 2015erako dituen planak», diote.
Lekeitioko EAJ udal taldearen ustez, «argi geratzen da Udal Gobernuko Taldeak, Bilduk, ez duela ez ideiarik ez proposamenik Lekeitioko herriarentzat, are gehiago, ganora gutxi, inprobisazioa eta kudeaketarako gaitasun eza nabari dira».