Azken egunotan, mozorrotutako herritarrek Lea-Artibai eta Mutrikuko txoko guztiak kolorez jantzi dituzte. Parean pareko arropak edo mozorrorik landuenak hartu eta lagun artean gozatzeko egun bereziak izan dira.
Aurten ere, beti-betiko mozorroek ez dute hutsik egin. Printzesak, sorginak, superheroiak eta pailazoak… nonahi ikusi dira. Horrez gain, irudimena martxan ipini eta ingurukoak aho zabalik utzi dituzten mozorroren bat edo beste ere ikusi dira.
Hainbat herritan asteburuko ospakizunekin amaitu dira jaiak, baina beste herri askotan gaur [otsailak 17] ere zer ospatu egon da.
Pirataz mozorrotutako gaztetxoak, Ondarroan
Ondarroa, kalejirarik gabe
Ondarroan, esate baterako, euria tarteko, goi-goitik ospatu dute inauterietako azken eguna. Goizean ari zuen euria eta haize zakarra zirela eta, azken momentuan bertan behera geratu da herriko hiru ikastetxeek Lantzoi jaunagaz batera Ondarroako kaleetan zehar egin behar zuten kalejira koloretsua.
Berria jakin orduko, herritar asko penaz geratu dira, kalejiran ezin zirelako atera. Irakasle, guraso eta aiton-amona askorek «tamalgarria» dela nabarmendu dute. «Egun berezia da, batez ere umeentzako. Pena handia da, baina hainbeste prestaketaren ostean, beste batean izan beharko du», adierazi du birloba ikastetxera eramatera joan zen amona batek.
Hala ere, bazkalordura arte ez da musikarik falta izan ikastetxeetako jolastokietan; ikasleak, irakasleak eta gurasoak pozik ibili dira azken egunotan ikasitako koreografiak dantzatzen. Albokoari eskutik kolpe eginda, gerriei eragiten gustura asko ibili ziren denak.
Lekeitiarrak portuan kalejiran
Lekeitio zirku bihurtu da
Lekeition, ordea, kalejiran ateratzeko aukerarik ez dute galdu nahi izan. Ordu batzuez bada ere, herriko kaleak zirku bihurtu dira. Pailazoak, magoak, animaliak, malabaristak, etorkizunaren asmatzaileak, indartsuak… denetarik ikusteko aukera egon da Lekeition.
Eskolako eta ikastolako ikasleek Ateatik irten eta Independentzia plazara arteko ibilbidea batera egin dute. Herrian zehar kalejiran ibili ondoren denak plazan elkartu, eta han dantzan eta kantuan ibili dira. Ikasleek, irakasleek eta gurasoek Lekeitioko Musika Banda izan dute lagun jaialdian. Besteak beste, Papardua, San Pedropeko eta Antero abestu dituzte.
Gerokoan, eskolakoek eskolan jarraitu dute jaia, eta ikastolako neska-mutikoek, berriz, Ekosistemak antzerkia antzeztu zuten frontoian.
Mutrikuko berdelaren enterraixua
Mutrikun, ohitura zaharrak berreskuratzen
Mutrikuko Zubixa Libre! dinamikaren eskutik, ohitura zaharrak berreskuratzen ibili dira iluntzean.
Hain zuzen ere, garai batean berdelaren hileta egiteko ohitura zegoen herrian, eta gaur ere antzerako zerbait egitea erabaki dute. Zubixa herriko tabernaren aurretik irtenda, berdelaren enterraixua antzeztu dute. Abadea aurretik zutela arrain handia kalerik kale sorbalda gainean eraman dute segizioko kideek. Atzetik, doluzko jantzitako herritarrek negar batean jarraitzen zuten berdela. Parodia egin ondoren, berdela Beheko plazan erretzen amaitu dute jaia.
ARGAZKI GALERIA
[nggallery ID=224]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.