Kolorez eta umorez jantzita
Mozorroak, musikak eta dantzak hartu dituzte kaleak asteburuan, eta gaur gauera arte jaiak ez du etenik izango; Gregoritxu, Hartza, Lantzoia eta Pikomelatosen egunak dira.Bateko eta besteko bazterrak mozorroz bete dira asteburuan, eta horrela jarraituk...
Mozorroak, musikak eta dantzak hartu dituzte kaleak asteburuan, eta gaur gauera arte jaiak ez du etenik izango; Gregoritxu, Hartza, Lantzoia eta Pikomelatosen egunak dira.
Bateko eta besteko bazterrak mozorroz bete dira asteburuan, eta horrela jarraituko dute gaur gauera arte. Kalejirek, musikak eta dantzek, umoreak, parodiek eta satira giroak eta zelan ez, ohitura zaharrek, hartu dituzte kaleak.Aratusteek indartsu jarraitzen dute Markina-Xemeinen. Horrela, euriari aurpegi ona jarri eta gogotsu atera ziren kalera markina-xemeindarrak, domekan. Goizeko kalejirarik ez zuten egiterik eduki, baina, arratsaldeko aterraldia aprobetxatu zuten, kalez kale dantzan eta jai giro alaian ibiltzeko.
Aurten ere originaltasuna eta parte hartzea izan dira nagusi, eta epaimahaiak ez zuen mozorrorik onenak aukeratzeko erabakia erraz hartzerik eduki. Herriko merkatari elkarteak eman zituen sariak, iluntzean. 17 urtetik beherakoetan bakarkako sari bakarra egon zen, eta Amaia Unamunorentzat izan zen, Veneziako karnabaletako mozorroagatik. Talde handietan, berriz, Correosek eraman zuen sari nagusia eta Piratek eta Egipziarrek bigarrena eta hirugarrena.
17 urtetik gorakoetan Errege Lehoiarentzako izan zen banakako sari nagusia. Eurobisioak eta October Fest-ek lortu zituzten, berriz, hurrengo biak.
Taldeen artean bost sari banatu zituzten merkatari elkartekoek, eta nagusia Rocio bidekoentzat izan zen. Aurtengo mozorro dotore eta landua saritzeagaz gain, taldearen 25 urtetako ibilbidea ere goraipatu zuten. Izan ere, 25 urte daramate mozorrotzen, hutsik egin barik, eta hainbat sari ere irabazi dituzte mozorro landuak prestatu eta aratuste jaian jarritako giroagatik.
Beste talde batzuk ere gogoz datozela erakutsi zuten domekan, esate baterako, Txotxongiloek. Bigarren saria eraman zuten, paperean sartuta, dantzan ibili ziren-eta egun osoan herriko kaleetan. Joaldunentzat izan zen, ostera, hirugarren saria, Oz Magoak eraman zuen laugarrena eta Indiarrek bosgarrena.
Sarituez gain, beste hainbat mozorro ere ikusi ziren kalean: Dali eta bere musa, Shaun arditxoen abesbatza, Zerutxuko dantzariak, kartak, gerlariak, pailazoak, super heroiak, maitagarriak…Ume eta gazte, handi eta txiki, aratusteetako ohiturari eutsiz, mozorroz bete zen herria.
Domekan, zelan ez, ez ziren falta izan Hartza eta Zaragi dantza. Zerutxu dantza taldeko txikienek aspaldiko dantza dotoreagaz egin zuten estreinua. Plazabarripeko aterpean egin zuten dantzan txikiek eta gaztetxoek, Hartzak panderoaren doinuagaz dantzan egin eta ikusleak beldurtzen zituen bitartean.
Kiroldegiko kantxan elkartu ziren eguerdian mozorrotutako asko eta asko. Gero eta herritar gehiagok aukeratzen du, dagoeneko XATeri esker ohitura bihurtzen ari den bazkarian parte hartzea. Aratusteetako herri bazkariak 500 lagun inguru batu ditu aurten.
Antzarak, eztabaidara
Bestalde, antzaretako eztabaida ailegatu da Markina-Xemeinera ere. Aurten, antzara jokoa egin da, baina bere etorkizuna eztabaidatzear dago. Antzar jokue, ondo pasetako animalixak hil? galdetzen zuen pankarta atera zuten kalera herritar batzuek. Plastikozkoak erabiltzea, ez egitea edo berdin jarraitzea… Iritzi ezberdinak daude kalean, baina, momentuz, erabakia hartzeko dago. Beraz, lasaitasun osoz ospatu zen antzar jokoa domekan. Bost parte hartzaile egon ziren, eta hiru antzarei burua kenduta Iñaki Armaolea izan zen irabazlea. Xabat Arrate geratu zen bigarren, antzar biri lepoa kenduta, eta Joseba Artaetxebarria hirugarrena izan zen, lepo bakarragaz. Guztira sei antzara jarri zituzten; azken aurrekoa gogorrena. Bosgarren antzarari lepoa kentzea asko kostatu zitzaien zaldi gainekoei, zintzilik ere geratu zen Urko Pagoaga, baina, ezin izan zuen. Horrela, 21 minutuz egon zen antzara sokan.
Mutriku, Aulesti eta Ondarroa
Inauteriak barikuan hasi ziren Mutrikun, eskoletako umeen eta Pikomelatosen kalejirarekin. Beheko Plazan amaitu zen kalejira eta plaza bete-bete egin zen.
Zapatuan, Zubixa Libre plataformak antolatutako bazkari girotsua izan zuten herritarrek. Ia 80 lagun batu ziren eta ondo pasatu zutela esan dute antolatzaileek. Iluntzean, ostera, giroa gehiago berotu zen. Izan ere, Eskuetan abestiarekin flashmob-a egin zuten herritarrek. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, flashmob-a bi aldiz egin zuten, «Beheko Plazako giroa ona zelako».
Aulestin ere giro ona izan danagusi asteburuan. Eskolako umeek kalejira egin zuten barikuan, baina egun handia zapatukoa izan da aurten. Izan ere, auslestiarrek estreinako ospatu dituzte inauteriak zapatuan.
Euria eta hotza egin arren, herritarrek ez zuten galdu nahi izan urteroko hitzordua. Kalejira egin eta Gregoritxu kanpandorretik jaitsita, herria kolorez jantzi zen. Mozorro lehiaketan lau sari banatu zituzten: taldekako bat eta hiru bakarkakoak. Taldekakoa Mariano jatetxea irudikatu zuen taldeak eroan zuen. Bartolo eta Maritxuren ezkontza egin zuen taldeak, Aroa Arratek eta Lurdes Pereak bakarkako sariak eskuratu zituzten.
Ondarroan zapatuan hasi ziren inauteriak, Lantzoi jaunari ongietorria emanaz. Turrun hotsak iragarrita irten zuen arrain handiak kalejiran, eta herritarrek atzetik jarraitu zioten. Gaur ere kalerik kale ibiliko da, hazi arte, eta iluntzean, Akula bihurtuta uretara botako dute herritarrek, inauteriei amaiera emanez.