Hiru egunetan zehar, jendez bete da Ispasterko probalekua. Hainbat izan dira hogeigarren urtez antolatu dituzten kintxopeko zaldi-mando probak ikustera bertaratu diren herritarrak; batez ere, domekan. 11 parte hartzaile izan dira, guztira, eta horien artean Markina-Xemeingo Patxua tabernakoen zaldia nagusitu da, 81 untza, hiru metro eta 82 zentimetro eginda. Lehenengo egunean ezarri zuen marka hori, eta beste inork ezin izan zuen hobetu, ezta urreratu ere.
Ispasterko Udalak «positiboki» baloratu ditu probok. Parte hartzaile guztietatik hiru izan dira Lea-Artibaikoak, eta, hiru horiek, gainera, sailkapeneko lehenengo hiru postuetan kokatzea lortu dute. Munitibarko Motrolloren zaldiak hartu du, hain zuzen ere, bigarren saria 74 eta 1/2 untza eta 50 zentimetroko marka egin ostean. Aulestiko Koba jarri da, berriz, hirugarren postuan, 70 eta 1/2 untza, metro bat eta 16 zentimetro eginda.
Hala, Markina-Xemeingo Patxua tabernak txapela, manta eta 750 euro jaso zituen proba irabaztearren, eta Motrollok eta Kobak, aldiz, 650 euro eta 575 euro, hurrenez hurren.
Sailkapena
1. sailkatua. Patxua taberna (Markina-Xemein): 81 untza, hiru metro eta 82 zentimetro.
2. sailkatua. Motrollo (Munitibar): 74 untza, 1/2 eta 50 zentimetro.
3. sailkatua. Koba (Aulesti): 70 untza, 1/2, metro bat eta 16 zentimetro.
4. sailkatua. Andoni Mendizabal (Asteasu): 70 untza, hiru metro eta 36 zentimetro.
5. sailkatua. Berroeta (Ezkio-Itxaso): 70 untza, bi metro eta 96 zentimetro.
6. sailkatua. Imanol (Hernani): 68 untza, 3/4, 6 metro eta 63 zentimetro.
7. sailkatua. Taberna Goieta (Mungia): 60 untza.
8. sailkatua. Txutxi Larrazabal (Laudio): 59 untza eta 3/4.
9. sailkatua. Aterpe (Mallabia): 56 untza, 3/4, lau metro eta 60 zentimetro.
10. sailkatua. Baraiazarra (Maume): 53 untza, 1/2, bi metro eta 80 zentimetro.
11. sailkatua. Jose Angel Lopez (Laudio): 53 untza.