Umeek hartuko dute gaur lekukoa
Euriari izkin egin diote Busturialdeko herritarrek asteburuan, mozorroak jantzita. Eguraldi txarrari aurpegi margotua erakutsi, eta festa giroa izan da nagusi, han eta hemen.Bariku iluntze-gauean haurtzarora bueltatu ziren gernikarrak eta Gernika-Lumok...
Euriari izkin egin diote Busturialdeko herritarrek asteburuan, mozorroak jantzita. Eguraldi txarrari aurpegi margotua erakutsi, eta festa giroa izan da nagusi, han eta hemen.
Bariku iluntze-gauean haurtzarora bueltatu ziren gernikarrak eta Gernika-Lumoko tabernak, haurtzaroko idoloak berreskuratuta. Festa giroa hasi, eta aratusteetako hurrengo egunek ere horri eutsi diote. Elai-Alai dantzari taldekoen eskutik, Altsasuko inauteriak izan ziren herri horretako kaleetan, momotxorro, sorgin, mamu eta guzti. Domekan, marroen aurreskuari eutsi zioten, fidel, Foru plazan. Ostean, otzararen zozketa egin zuten. 2705 zenbakia izan da aurten irabazlea, eta Ibarrangeluko Bego Ziluagak eraman du otzara ederra etxera.Domekako eguna, baina, Mundakan izaten da handia. Eguerditik aurrera kaleak girotzen dituzte atorrek, beraien kanta eta doinuekin. Euriari eta hotzari aurre eginez, inprobisaziora jo zuten atzo atorrek, eta aterruneak baliatu zituzten kantatzeko. Iluntzean atera ziren lamiak, festari jarraipena emanez.
Gaur, berriz, Mundakako eskolako umeen txanda izango da. Kalejiran, Isla Kale kiroldegiraino joango dira, eta han egingo dute ekitaldia, eguerdi partean.
Umeen txanda
Eta Bermeon ere egun handia izango da gaurkoa. Han ere, umeen mozorroen desfileak girotuko ditu herriko kaleak, dantzekin eta musikarekin. Festa giroa, beraz, goizetik izango da kostako herrietan. 11:00etan hasiko dira kalejirak, bai Mundakan eta baita Bermeon ere. Azken herri horretan, mozorroen lehiaketa ere egingo dute, eta festak jarraitu egingo du arratsaldean.
Asteburuan ere izan da zer egin Bermeon, inauterien baitan. Esaterako, tostada txapelketa egin zuten domekan, Haitz Nagusije Alde Zaharreko auzo elkarteak antolatuta. Ogizko tostaden lehiaketan 19 parte hartzaile izan ziren, eta 13 izan ziren ahiezko tostadak egin zituztenak. Ogizko tostaden artean, Maite Erauzkinenak izan ziren gozoenak. Nagore Gaubekak eraman zuen bigarren saria, eta Mari Karmen Zabalak hirugarrena. Ahiezko tostaden artean, Espe Ipiñarentzat izan zen sari nagusia, Egoitz Azazetak hartu zuen bigarrena, eta Kari Akelarrek hirugarrena.
Gaur, Foruan ere
Ean, Gautegiz Arteagan, Ajangizen, Arratzun eta Foruan ere ospatu dituzte inauteriak asteburuan; eta gaur eta bihar ere umeentzako ekimenak izango dira azken herri horretan.
Nabarnizen, txitxiburduntzia egin zuen atzo, Peña Athleticek antolatuta.