Etxebarriko Iru Bide aurreko zubia.
Uraren Euskal Agentziagaz hitzartu duten uholdeak ekiditzeko lanak eta eskolako jolastokia estaltzeko obrak hartuko dute aurtengo inbertsioen ataleko zatirik handiena. Uholdeak eragozteko lanak bi bloketan bereizi dituzte, eta aurtengo urtean lehenengo fasea eramango dute aurrera. Elgoibarrera bidean dagoen zubia botako dute, eta ahalmen hidrauliko handiagoa duen bat jarriko dute haren ordez. Gutxi gora-behera, lehenengo faseak 280 mila euroko kostua izango duela jakitera eman du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Bestalde, eskolako jolastokia estaltzeko 72.000 euroko partida bat jaso dute. “Proiekua egiten gabiltza, eta hurrengo osoko bilkuran baldintzak onartu eta lanak eman nahi ditugu”, azaldu du alkateak. Lan horiek aurrera eramateko, gainera, Erein programako diru laguntza jasoko dutela aurreratu dute, 23.000 eurokoa.
Aurrekontuetako beste partida bat edukiontzi berriak, auzo konpostaguneak, ikastaroak eta birziklapenaren jarraipena egitera zuzenduko dutela jakitera eman du alkateak. 19.000 euro gorde dituzte horretarako. “Iru Bideko zubiaren ondoan jarriko da konposta egiteko etxola bat”. Horretaz gainera, bosgarren kontenedoreak ere jarriko direla azaldu du alkateak. “Baina horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak %100eko laguntza ematen du”, argitu du.
Planeamendu Orokorra egiteko asmoa
Inbertsioen ataleko beste partida garrantzitsu bat Planeamendu Orokorra egitera bideratuko da. 18.900 euro gorde dituzte plangintzari hasiera ematen hasteko. “Hurrengo legegintzaldian herriko Planeamendu Orokorra egiteko asmoa daukagu”, azaldu du Iriondok. Hasierako lanak eginda dituzte, orain artekoa ikusi eta falta dena aztertzen ibili dira eta azken legegintzaldian. “Orain Planeamendu Orokorra egiteko taldea osatu beharko da”, zehaztu du.
Beste 4.000 euroko partida bat gazte lokala egokitzeko erabiliko da. Gazte lokalak sua hartu zuen, eta beraz, berogailu berria eta altzariak ere beharko dituela ikusi du udalak. Ez dira aurten, udalak erosiko dituen altzari bakarrak izango. 3.000 euro ere aurreikusi dituzte jaietan erabiltzeko mahai eta aulki gehiago erosteko.
4.000 euro erabiliko dituzte bai eta eskolako zaintza kontrol sistema jartzeko ere. “Apurketa batzuk egon dira, eta alarma eta kamarak jarriko ditugu gehiago ez gertatzeko”.
Gizarte zerbitzuetara bideratzen duten partida aurten ere, indartu egin dute. “Etxez etxeko zerbitzua behar bezala ematea nahi dugu, eta haurreskolara doazenei diru laguntza ematen eta irisgarritasuna hobetzen jarraituko dugu”, azpimarratu du alkateak.
Gizarte zerbitzuko kopuruaz gain, jaietakoak ere izan du gorakada. “Antolatzaileak justu ibiltzen ziren eta partida gehitzea erabaki dugu”, azaldu du.
Guztira, aurrekontuakĀ 383.109 euroko partida bat jasotzen du inbertsioetarako. “Proiektuetan zehazt ibili gara, eta beraz, dirua aurreratzea lortu dugu. Horrela, aurten ere proiektuak egiteko aukera egongo da”, aitatu du alkateak.