Aulestik herritarren parte hartzeagaz osatutako aurrekontua edukiko du aurten
Herritarren parte hartzeagaz osatuta, 974.500 euroko aurrekontua onartu du Aulestiko Udalak; iazkoa baino 18.800 euro txikiagoa. Izan ere, 993.300 euroko aurrekontua aurreikusi zuten 2014rako.
Aurtengo aurrekontu hori hainbat gastu arrunt ordaintzeko erabiliko dute, beti bezala; udaletxeko eta eskolako mantenuak, beharginen soldatek, argiak, urak, udaletxeko kotxeetako gasolinak… hainbat gastu suposatzen baititu. Gastu arrunt horiek «gutxitzen» joan da Aulestiko Udala azken urteetan, eta aurrerantzean ere hala jarraituko omen du. Aipatu gastu horiez gain, hainbat inbertsio egitea aurreikusten du Aulestik bere aurrekontuan, eta horiek zeintzuk izan diren zehazteko, herritarrem proposamenak bildu ditu.
Hain zuzen, batzar bi egin ditu udalak herritarrekin aurrekontu horiek osatzeko; bata azaroan, eta bestea abenduan. 2014ko aurrekontuaren betetze mailaz jardun zuten lehenengo bileran. Egun hori udalaren egoera ekonomikoaren berri herritarrei emateko aprobetxatu zuen Aulestiko Udalak. Herritarrek, gainera, zituzten premiak azaltzeko aukera ere izan zuten bertan.
Bigarren hitzorduan, aldiz, gastu arrunteetatik kanpoko dirua non inbertitu erabaki zuten herritarrek; alegia, 324.000 euro. Hain zuzen, udaletxeko igogailua berrizten eta udaletxeko leihoak aldatzen gastatuko dute diru kopuru handiena 2015ean: 40.000 bat eurona.
Beste hainbat inbertsio
Auzobideak hobetzea ere proposatu zuten herritarrek, eta hala egingo dute, 30.000 euro gastatuta. Kopuru bera erabiliko dute herriko plazako komun publikoak berriztu eta irisgarritasun araudia betetzeko. Etxe bakartuetan putzu septikoak egiteko diru laguntzak ere emango ditu udalak, eta, horretara beste 30.000 euro bideratuko ditu. Beste 20.000 euro, aldiz, Narearako bidegurutzea zabaldu eta Alegirainoko espaloia egiteko erabiliko dute. Udaleko beharginentzako, bestalde, furgoneta berria erosteko asmoa du udalak (15.000 euro). Urriola auzoan eta beste hainbat lekutan ere, bide bazterrean babes-hesiak jartzea premiazko ikusten dute herritarrek, eta, horretara, 13.000 uro bideratzea erabaki dute. Azken 10.000 euroak, berriz, eraikin publikoetan desfibriladore erdiautomatikoak jartzeko erabiliko dituzte.