Hondakinak sailkatzeko gida sortu dute Lea-Artibain
Azken urteetan zaborra «arazo handi» bihurtu dela iritzita, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak hondakinak sailkatzeko gida sortu du. Lea-Artibain, esaterako, gaikako bilketa %30etik beherakoa dela jakinarazi du.
Gauzak behin bakarrik erabili eta botatzea saihesteko, eta hondakinak iraunkortasun irizpideen arabera kudeatzeko sortu dute aipatu gida.
Izan ere, Amankomunazgoaren arabera, «sortzen diren hondakin gehienak ez dira zaborra, lehengaiak baizik». Horiek birziklatu eta konposatatu egin daitezkeela gogorarazi du; betiere, «behar den moduan kudeatuta; alegia, ondo banatu eta ondo bilduta».
Hala, herritarrek gauza bakoitza nora bota behar duten jakiteko balioko du aipatu gidak, besteak beste. Halaber, eskualdean hondakinak banatzeko eta jasotzeko zein zerbitzu dauden ere zehaztuko du gida horrek.
Amankomunazgoak dioenez, planetan baliabide «mugatuak» daude, baina are mugatuagoak dira bere ustez, Lea-Artibain. Horegatik uste du lehengaiak berrerabili eta biriziklatu beharra dagoela; «beste herrialdeetako eta gure herrietakobaliabideak ez xahutzeko eta dauzkagunak hurrengo belaunaldiei lagatzeko».
Herritarren proposamenak
Bestalde, hondakinen bilketa hobetu asmoz, herritarren proposamenak jaso eta aztertu nahi dituztela azaldu du Lea-Artibaiko Amankomunazgoak: «arazoa denona bada, irtenbidea ere denon artean topatu behar dugulako».