
EH Mus Txapelketako herrietako kanporaketa jokatzen Ondarroako Gaztedi tabernan.
Asteburu honetan jokatuko dira EHko Mus Txapelketako herrialdeetako finalak. Bizkaiko finala bihar izango da Barakaldon, eta 10:00etan elkartuko dira jokalariak Itsadar sagardotegian norgehiagokari hasiera emateko.
28 bikote sailkatu dira bizkaitik, eta euretatik sei Lea-Artibaikoak dira. Amoroto, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako bikote bana sailkatu dira Bizkaiko finaletarako.
Sari handiak daude herrialdeetako irabazleentzako. Zehazki zazpi bikotek jantziko dituzten hamalau txapelak, lau pertsonentzako asteburuko egonaldiak, bazkariak, afariak, Euskal Herriko produktuekin osaturiko saskiak eta Arabar Errioxako ardo loteak ere banatuko dituzte lehen sailkatuen artean.
Zazpi herrialdeetako finaletan sailkatzen direnak, gainera, martxoaren 7an Lekeition jokatuko den finalerako pasea eskuratuko dute. «Egun osoko jaia izango da, bazkari eta musikagaz lagunduta», adierazi dute antolatzaileek.
Bizkaikoagaz gain beste herrialde guztietako finalak ere bihar jokatuko dira: Gipuzkoako finala Alegian, Nafarroa Garaiako finala Iruñean, Lapurdiko finala Urruñan, Arabako finala Eskuernagan, BeheNafarroako finala Lartzabalen eta Zuberoako finala Urdiñarben.
SAILKATUAK
Amoroto. Teki eta Ander.
Gizaburuaga. Luis Anakabe eta Jabier Urrutiabeaskoa.
Ispaster. Jon Galletebeitia eta Iñaki Arriaga.
Lekeitio. Efo eta Jamhy.
Markina-Xemein. Juani eta Patxi.
Ondarroa. Lander eta Zubero.