
Okelar inguruan hilik agertutako ardiak. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Ibiri auzoko baserritarrak kexu dira azkenaldiko gertaerekin. Aurreko domekan [otsailak 15] , Ibiri auzoan Arribinieta muinotik gertu, lau ardi lepoa moztuta hilik agertu ziren. Hain zuzen ere, animaliak lepoan haginkadekin agertu ziren, eta ez zuten gorputzeko beste tokietan hozkadarik.
Susmoen arabera, txakur basatiek Okelar inguruetan larrean ari ziren ardiak uxatu eta hesiguneetatik atera arazi zituzten.
Auzotarrek argitu dutenez, ardietako bi Ibiri baserrikoenak dira eta beste bi Zabale baserrikoenak. Hilik agerturiko ardiek, gainera, orain gutxi erditu zuten, eta bildotsei bularra ematen ari ziren. Kumeak onik atera badira ere, jabeek artifizialki elikatu beharko dituzte.